2020-07-31 10:21
Defizitaren muga BPGren %2,3 da (470 milioi euro inguru), eta bilketa 818 milioi euro jaistea aurreikusi dute. Diru-bilketa handitzen ez bada, murrizketen garaira itzuliko da Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak 2020rako BPGren %2,3ko defizit muga ezartzea adostu du Estatuarekin. Horrek esan nahi du gastuak diru-sarrerak baino handiagoak izan daitezkeela kopuru horretan, horretarako zor publikoa erabiliz. Halaber, "defizitaren muga berrikusi ahal izango da Nafarroako egoera ekonomikoak hala eskatuko balu".

2020rako BPGean % 6,4 eta %9 arteko beherakada aurreikusten du Nafarroako Gobernuak, eta 20.452 eta 19.884 milioi euro artekoa izango litzateke. Horrek esan nahi du adostutako defizitaren muga (%2,3) 457 milioi eta 470 milioi euro artekoa izango dela. Hau da, Nafarroako Gobernua 457 eta 470 milioi euro artean zorpetu ahal izango da.

Hala ere, bilketaren beherakada 818 milioi eurokoa izango dela aurreikusi dute; beraz, bilketa handitzen ez bada, Gobernuak gutxienez 348 milioi euroko murrizketak egingo ditu.

Orain erabaki behar da zer irtenbide emango zaion krisi honi. ELAk ohartarazi du errenta handiei, enpresei eta kapitalari zerga-karga ez handitzeak berekin dakarrela 2008ko krisiaren ondoren jarraitutako politika austerizidak errepikatzea, zerbitzu publikoetan murrizketak, prekarietate handiagoa, zor publikoaren igoera eta desberdintasun sozial handiagoa eraginez.

ELAk dagoeneko egin dizkio proposamenak Nafarroako Gobernuari krisiari irtenbide justuagoa eta murrizketarik gabekoa emateko. Beharrezkoa da diru-bilketa handitzea murrizketarik ez egiteko. 2019ko Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean %20ko errekargu berezi bat ezarriz eta kenkariak kenduz eta Ondarearen gaineko Zergan %1 eta %10eko arteko errekargu espezifiko bat ezarriz, 2020an 900 milioi euro gehiago bilduko lirateke.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.