2018-08-07 09:58
Enpresei iraupen luzeko langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak ematea ez da eraginkorra, eta soilik propaganda egiteko balio du. ELAren ustez Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurreko gobernuak berezkoak zituen politika hauek alboratu eta prekarietatearen aurka borrokatuko duten neurriak hartu behar ditu.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (SNE-NL) enpresei 45 urtetik gorako iraupen luzeko langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak emango dizkiela iragarri du, guztira 300.000 euro. Hau da, enpresek langile bakoitzeko 550 eta 1.000 euro artean jasoko dituzte, zenbait kasutan langilearen kostu osoa izango delarik. Diru-laguntza hau lehendik ere badiren beste batzuen antzekoa da, hala nola Bermaturiko Errenta jasotzen dutenak kontratatzeagatik edo 30 urtetik beherakoak kontratatzeagatik ematen direnak.

Enplegurik sortzen ez duen neurria

Neurri hau ez da inondik inora berria, eta orain arte ezarri den guztietan enplegua sortzeko ez duela balio ikusi izan da. Izatez gobernu eskuindarrek maiz ezarritako neurria izan da, Barcinak edo Rajoy egin izan duten moduan.

Neurri hauek ez dute kontuan hartzen enpresek euren beharren arabera kontratatzen dutela, eta ez balizko diru-laguntza bat jasotzeagatik. Beraz, argia da honekin enpresei dirua eman besterik ez dela egiten, beharra duten enpresek egiten dituztelako kontratazioak, eta beharrik ez dutenek ez.

Neurri honek ez du kontratatzen dituzten pertsonen egoera hobetuko denik bermatzen

Nafarroan 19.500 langabetu daude langabezia saririk jasotzen ez dutenak (guztien % 58,5a). SNE-NLk (Nafarroako Enplegu Zerbitzuak) ez du inolako baldintzarik jartzen kontratuen kalitatearen inguruan, eta behin-behineko enpleguak sortzeagatik eta jardunaldi partzialeko kontratuengatik ere diru-laguntza jasoko dute enpresek. Neurri honek langabezia estatistikak apaintzeko ahalegina dirudi, eta ez prekarietatearen aurka egiten duen enplegu-politika.

ELAk uste du enpresei diru publikoa emateko neurri hauek are larriagoak direla Errenta Bermatua jasotzen duten askori zenbateko murriztu zaienean.

Azkenik, ELAk uste du Nafarroako Gobernuak aurreko gobernuen politiken antzekoak diren politika hauek alde batera utzi beharko lituzkeela, eta prekarietatearen aurkako enplegu-politika eraginkorrak sustatu, benetako enplegu politika aktibo publikoen alde eginez, eta SNE-NL beste alde batetik bideratuz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.