2019-06-05 11:14
Dozenaka lagun hasi dira ELAren afiliatu batek irabazitako epaiaren hedakuntze-bidea egiten.

Nafarroako Gobernuak bataz besteko 1.000 euroko atzerapenak ordaindu behar dizkie 750 edo 800 foruzainei, ELAk irabazitako epai bati esker. Nafarroako Gobernuak 15/2015 Foru Legea indarrean sartzeko data gibelatu zuen, eta aplikazio gaizto horrek ekarri du emaitza hau. Lege hori Foruzaingoko Lanaldi eta Lansarien Sistema Berria arautu duena da.
Nafarroako Gobernuak aitortu du kalteordain guztiak 750.000 eurokoak izan daitezkela.
Dozenaka foruzain hasi dira ELAren afiliatu batek irabazitako epaiaren hedakuntze-bidea egiten. Lehen epaiak 1.139 euroko kalteordaina ekarri du.
    
Nafarroako Gobernuak ez zuen legea betetzeko beharrezkoa zen lanpostuen azterlanik egin. Eta 2015eko abenduaren 28an bertze lege bat onetsi zuen, zeinaren bidez lehendabiziko legearen indarraldiaren hasiera gibelatu zen.

Orduan, Nafarroako Gobernuak lansariak atzera-eraginez ez aplikatzeko interpretazioa egin zuen; halako moldez ezen soldata-igoerak, 2016ko urtarrilaren 1etik ordaindu beharrean, 2016ko urriaren 1etik ordaindu baitzituen.

ELAk demanda bat jarri zuen epaitegian, soldata-igoerak urtarrilaren 1etik ordainarazteko, eta ez urriaren 1etik. Demanda lehen auzialdian irabazi zen, eta Nafarroako Gobernuak jarritako kasazio-helegitea ez zen onartua izan. Demanda hori hasiera batean banakoa bazen ere, orain gainontzeko langileengana hedatzeko eskatu daiteke.

ELAk salatu behar du María José Beaumont zuzendu duen Barne Departamentuaren jokaera. Lan eskubideen aurkako hain argia den kasu honen aurrean, Gobernuak sindikatua behartu du bide juridikoa hartzera, beti ere langileen etsipena bilatuz. Gainera, Gallardon ministro ohiak 2012an inposaturiko lege antidemokratiko hark sortzen zituen arriskuak hor egon dira prozesu osoan zehar.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.