2019-07-29 11:43
PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek adostu duten testua oso lausoa da eta ontzat ematen ditu Estatuaren inposizio guztiak (aurrekontu murrizketak, LEPetarako mugak…). Euskararen Lege berria egitea baztertzen du; fiskalitatea enpresentzat are mesedegarriagoa izatea nahi dute, eta AHT eraikiko da; ituna botere ekonomikoek ondo hartuko dute.

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak testu bat adostu dute: Bizikidetza, Berdintasun eta Berrikuntzako Legealdi Progresistarako Programa Aurreakordioa (2019-2023). ELAren ustez, ordea, izen horretarako gutxienekorik ez du betetzen, are gutxiago Nafarroan benetako aldaketa soziala gauzatzeko. Hasteko, “indarrean den marko konstituzionala” bere egitearekin batera, hura defenditzera deitzen du. Akordioaren edukia oso orokorra eta anbiguoa da, eta ez da sinegarria.

  1. Testuak aditzera ematen du azken lau urteetan aplikatu izan diren politiken jarraipena bilatzen dela. Esaterako (jarraipenaren zein anbiguotasunaren adierazgarri), hizkuntza politikari buruzko paragrafo gehienak hasten dira honako terminoekin: “mantendu”, “jarraipena eman”, “aztertu”... Halaber, testua propagandarako terminoz josita dago: 'digitalizazioa', 'estrategia adimenduna', 'talentua'... beti ere gobernuaren ekintza enpresen ikusmoldetik ulertzen delarik. Nabarmendu beharra dago berariaz aipatzen dela akordiorik eza AHTren garapenaren inguruan (hots, eraikitzen jarraituko dela ulertzen da), eta baztertu egiten dela euskararen lege berri baten alde lan egiteko aukera.
  1. Arestian esandakoa gorabehera, akordioko zehaztasun bakanak ez dira oso sinesgarriak. Esaterako, erreferentzia gisa aipatzen da Hezkuntza eta Osasunera bideratzen diren baliabide publikoak BPGaren %5 eta %,6,5eraino gehitu behar direla, hurrenez hurren. ELA bat dator gizarte-politikaren finantziazioa oro har asko hobetu behar dela, baina gogoratu behar da 2019an Hezkuntzara BPGaren %3,2 bideratu dela, eta Osasunera %5,1; Nafarroa Europar Batasuneko azken postuetan dago. Beraz, akordioan aipatzen diren kopuruetara iristekotan Osasuneko aurrekontua 300 milioi eurotan gehitu beharko litzateke, eta Hezkuntzakoa 387 milioitan.

Halere, Programa Aurreakordioak ez du azaltzen diru hori nondik sortuko den; ondorioz, esan daiteke hau propaganda dela, besterik ez. Gainera, Osasunari dagokionez kutsu merkantilista nabarmena da: esaten da Nafarroara pazienteak erakarri behar direla (bezero gisa), eta osasungintza zein menpekotasunaren arreta “negoziorako abagune” moduan ulertzen dituzte. Gainera, generoak eragindako soldata-arrakalaren aipamen oro lausoa da, proposamen zehatzik gabea.

  1. Aldaketa sozialean aurrera egiteko borondate politiko eskasa nabari da fiskalitateari buruzko atalean, zeina oso geza den. Sakoneko neurririk proposatzen ez denez egungo zerga-sistema ontzat ematen da, eta hori medio Nafarroa Europako azken postuetan dago BPGarekiko diru-bilketan, soldatapeko ez diren errentetan dagoen iruzurraren ondorioz eta araudi fiskalari esker errenta altuek, enpresek eta kapitalek duela 30 urte baino zerga askoz apalagoak ordaintzen dituztelako. Testuan esaten da Sozietateen gaineko Zerga “harmonizatu” egin nahi dela; eufemismo hau erabiltzen denean areago jaitsi nahi izaten da. Aurreko akordio programatikoan zorraren auditoretza jaso zen, eta oraingoan desagertu egin da erabat.
  1. Halaber, ez dago aipamenik aurrekontu-egonkortasunari buruzko irizpideei aurre egiteaz (batik bat gastu-arauaz). Aurrekontua beti Madrilek ezarritako muga murriztaileen baitan egingo dela onartzeak esan nahi du izatez baztertu egiten dela aurrekontu-politika bertan erabakitzeko aukera; honek auzitan jartzen du Hitzarmen Ekonomikoa.
  1. Akordioak ez du bide ematen urte askotan indarrean izan den erregimen klientelarraren egiturak desegiteko (honekiko azken lau urteetan aurrerapauso handiak egin dira, baina ez dira nahikoak izan eta atzera itzultzeko arriskua ere badago). Gainera, testuak Elkarrizketa Sozialaren alde egiten du (Ahal Duguk berariaz bere desadostasuna adierazten badu ere), eta honek Nafarroan esan nahi du patronalari, UGTri eta CCOOei funts publikoak helaraztea (izan ere, horixe gertatu da azken asteetan prebentzio delegatu izenekoen inguruan).
  1. Bestalde, akordioaren izenean 'bizikidetza' eta 'progresoa' aipatzen dira, baina aldi berean abiapuntutik bertatik EH bildu kanpoan uzten dute; hau kontraesana ez ezik inboluzio demokratiko onartezina da. Bazterkeriaren printzipioari dagokionez PSN bat dator hain zuzen Navarra Sumarekin; koalizio honekin antza antagonismo politiko berria ari da bilatzen.

Horrenbestez, harrigarria eta etsigarria izan da laukoan EH Bilduren sozio izan diren indarrek zein erraz onartu duten PSNk inposatutako negoziazio markoa, bazter utzi baitute oraindik ere gobernuan kide duten indar bat.

Beraz, ELAren iritziz Programa Aurreakordioak ez du gutxieneko maila ematen Nafarroak behar duen aldaketa sozialean aurrera egiteko; horregatik, sindikatuak eutsi egingo die Parlamenturako hauteskundeen aurretik egin zituen proposamenei, eta hauek defenditzeko konpromisoa adierazten du, horretarako mobilizazio soziala ezinbestekoa delarik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.