2019-10-24 12:26
Benetako berdintasunaren erronka Martxoaren 8an egindako diskurtso batetik askoz haratago doa. Eta erronka izugarria da. Horregatik, garbikuntzaren sektoreko hainbat emakumek bilkura egin dute CEN patronalaren aurrean. Izan ere, gaurtik aurrera eta urtea amaitu arte eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten 7.500 emakume langileek doan egingo dute lan, garbiketen sektoreko soldata-arrakalaren ondorioz.

ELAn argi dugu sindikatu gisa eginkizun bat bete dezakegula eta bete behar dugula berdintasun-nahia benetakoa izan dadin. Eta negoziazio kolektiboa da, gure esparrurik propio eta zehatzena, non eragiteko gaitasun handiena dugun.

ELA planteatzen ari da eraikinak eta lokalak garbitzeko sektoreko hitzarmenaren negoziazioan benetako neurriak hartu behar direla soldata-arrakala amaitzeko, hau da, gizon eta emakumeen arteko lan-merkatuko desberdintasunekin amaitzeko.

Berdintasunaren aldeko diskurtsoa benetako gertakarietan bilakatu behar da. Inork ez luke publikoki defendatuko emakumeek gizonek baino gutxiago irabazi behar dutenik, baina Nafarroan, 2019an, hori horrela da. Baieztapen hori berresten duten zenbait datu adieraziko ditugu jarrain, zehazki garbitzaileen sektorean eragiten dutenak:

Bide-garbiketaren sektorean, oso maskulinizatua den sektorean, soldatak eraikinen eta lokalen garbiketan baino %13 eta %20 artean handiagoak dira. Eraikin eta lokalen garbiketan gehiengo zabala emakumeak dira langileak. Soldata ez ezik, lanaldi erreala ere kontuan hartzen badugu, arrakala hori %5 handiagoa da (%18 eta% 25 artean).

Horri gehitu behar zaio bide-garbiketako kontratu gehienak lanaldi osokoak direla, eta eraikinen eta lokalen garbiketan lanaldi osoak salbuespena direla. Horrek kuantifikatu ezinezko efektua eragiten du, baina aurreko kopuruei gehitzen zaie.

Horren guztiaren ondorioz, garbiketen sektorean lan egiten duten emakumeek, urriaren 24tik urtea amaitu arte, doan egiten dute lan, eta hori salatu dugu ELAk patronalaren aurrean, azaldu ditugun bidegabekerien eragile eta arduradunetako bat den aldetik.

ELAk uste du balio bera duten eta prestakuntza bera eskatzen duten lanen aurrean, lan-baldintzak berberak izan behar direla.

Jakin badakigu erronka izugarria dela, erabateko aldaketa dakarrelako eta sektoreko lan-baldintzak hobetzeko jauzi kualitatiboa eskatzen duelako. Baina aldarrikatzen duguna bidezkoa da. Gure lankideen lan baldintzetara hurbildu nahi dugu, besterik ez. Haiek merezi dituzte baldintza horiek, dudarik gabe. Baina guk ere bai.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.