2018-11-07 13:14
ELAk Gobernuak egindako proposamenaren inguruko txostena aurkeztu du. Atetarako ondorio nagusia argia da: adostutako gastu arauak murrizketak eta utzikeria konpetentziala dakartza berarekin.

ELAk azpimarratzen du 2019ko Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren aurreproiektuak azken urteetan onartu diren aurrekontu murriztaileen bide beretik jarraitzen duela. Datorren urteko aurrekontu aurreproiektuak 2018ko itxiera aurreikuspenak baino baliabide ekonomiko gutxiago bideratzen ditu. Horrela adierazi dute Iruñeko agerraldian Mitxel Lakuntzak (ELA-Nafarroako koordinatzailea), Maria Baldak (lanbidearteko arduraduna ) eta Iñaki Zabaletak (Azterketa Bulegoko kidea).

2018ko aurrekontuak aztertzean ELAk nabarmendu zuen joera murriztaile hori gobernuaren aukera esplizitua izan zela, Espainiar Estatuko gobernuarekin (zeinaren buru une hartan Rajoy zen) adostu zuelako defizit publikoaren muga, zor publikoa eta gastu araua 2018, 2019 eta 2020 ekitaldietarako. Akordio hori publiko egin zen uztailaren bukaeran prentsa ohar soil baten bitartez, zuen garrantzi politikoa eta izango zituen ondorio sozial eta ekonomiko latzak estaltzen saiatuz.

AHTren gastua kontuan hartzen ez badugu (Madrilek itzuli beharko duelako), 2019ko Aurrekontua %0,9 murriztuko da 2018koarekin alderatuz; hau seinale da ekonomian Aurrekontuaren pisua asko jaisten dela. Baina galera hau gero eta gehiago nabarmentzen da BPG errealaren hazkundearen aurreikuspena %4,4ekoa delako termino nominalean (%2,7koa termino errealetan) 2018tik 2019rako. Horrek berarekin dakar aurrekontuak %0,8ko pisua galtzea BPGean. Beste modu batera esanda, 2019ko aurrekontua 4.461,2 milioi eurokoa izan beharko litzateke BPGean pisua galdu ez zedin (155,9 milioi euro gehiago).

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.