2018-06-15 11:32
Adolfo Muñoz `Txiki´, ELAko idazkari nagusiak Tuterako sindikatuko delegatuekin izan den topaketa batean parte hartu du. Ehundik gora delegaturen aurrean, Muñozek ohartarazi du erraza dela “patronala ezertara derrigortzen ez duten akordioak sinatzea, lan baldintzak txikitzen ari diren bitaretan”.

“Krisiak ikasbide bat utzi digu: kontu bat da gobernuan alderdiak txandakatzea, eta oso bestelakoa, politika sozialak aldatzea, Nafarroan zein Espainian”, baieztatu du Muñozek. Sanchezen gobernuari buruz nabarmendu duenez, “PSOErekin esperientzia luzea dugu, eta badakigu agintean izan denean nola jokatu duen. Ezker alternatiboak hau aintzat hartu behar du: PSOEk gobernua bere gain hartu izana ez da Espainian ziklo politiko berri baten hasiera”.

Bestalde, Erriberako ELAko ehundik gora delegaturen aurrean, Muñozek ohartarazi du erraza dela “patronala ezertara derrigortzen ez duten akordioak sinatzea, lan baldintzak txikitzen ari diren bitaretan”. Idazkari nagusiaren arabera, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak nafarren lan baldintzak pobretzen ditu, eta askatasun sindikala galarazten du.

“Sindikalismo borrokalariak enbarazu egiten du, areago jendeari borroka egiteko tresnak ematen badizkio. Esaterako, greba-kutxa. Adibidez, Tuterako afiliatu batek, Bizkaiko zahar-etxeetan greba egin dutenak ezagutu ez arren, badaki sektore horretako garaipena lortzen lagundu duela, bera ere afiliatua delako, klase-solidaritatea duelako”.

Muñozen ustez, lan errealitate prekarioak “milaka eta milaka langileren sufrimendua eragiten du, eta, era berean, hartaz baliatzen diren enpresentzako altxor bat ere bada. Ugazabek -eta beherantz lizitatzen duten administrazioek- ez dute horretan amore eman nahi”. Horregatik berretsi du sindikatuak sindikalismoak prekaritate horri aurre egin behar diola.

ELAko idazkari nagusiak salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela ontzat eman Parlamentuan eztabaidatu behar zen HLEa, errenta bermatua eta etxebizitza eskubideari buruzkoa. “Ezin da onartu laukoak honelako legegintza ekinbide bati atea ixtea”.

Bestalde, ekitaldi berean Erriberako ELAren arduraduna den Iñigo Campok esan du sindikatua eskualdean etengabe hazten ari dela, eta orain %21,5ean dagoela. Campok kargu hartu die UGT eta CCOOi, egiten duten sindikalismo txepelagatik, eta nabarmendu du sindikatuak gizarte-organizazioengana hurbildu behar duela Erriberan mugimendu alternatibo eta aurrerakoia sendotzeko.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.