2018-07-11 11:53

ALDA aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Esnatu, leihotik begiratu, ikusi zein eguraldi egiten duen, armairua ireki eta arropa aukeratu. Ohikoa den ekintza horren atzean kasu askotan miseria eta zapalkuntza istorioak daude. Izan ere, modan dago esplotazioa.

Ehungintzaren industria munduko produkzio-sektore handienetakoa da, bai mugitzen duen diru kopuruari dagokionez, baita sortzen dituen irabazi garbiei dagokionez ere. Finantzen eta negozioen munduan dagoen aldizkaririk garrantzitsuenaren datuei erreparatu besterik ez dago sektore honek ekonomian duen eragina ulertzeko. Forbesen arabera, 2016. urtean ehungintzaren sektoreak 81.500 milioi eurotako aberastasuna sortu zuen Espainiar Estatuan; horren atzetik elikaduraren–18.150 milioi– eta eraikuntzaren –16.450 miloi–sektoreak daude.

Hazten doan sektorea da ehungintzarena. Baina hazkunde honen atzean giza eta lan eskubideen urraketan txapeldunak diren banaketa kateak aurkitu ditzakegu. Iragan mendeko 70. hamarkadara arte ehunen produkzioa eta jantzigintza zen aberastutako herrialdeen industriaren eragile nagusienetakoa. Garai horretan produkzioa Asiara deslokalizatzen hasi zen, batez ere Txinara, lan-kostuak murrizteko helburuarekin. Honek mendebaldeko merkatuetan Asian ekoiztutako arropa uholde bat suposatu zuen.

Bertako industria babestu asmoz, 1974an Europako Ekonomia Komunitateak eta Ameriketako Estatu Batuek Asiatik ekarritako arropa kopurua mugatzen zuen akordioa lortu zuten. Enpresa handiak produkzioa mundu zabaleko herrialde ezberdinetara zabaltzen hasi ziren, Asiatik harantzago. 1995. urtean, Sobietar Batasunaren desegitearen ondorengo oldarraldi kapitalista bete-betean, Munduko Merkataritza Erakundearen Ehungintzaren eta Soinekoen inguruko Akordioa sartu zen indarrean. Sektorean merkataritza librerako zeuden muga guztiak ezabatu eta egungo azpikontratazio sare erraldoia ehuntzen joan zen.

Bangladesh, munduko tallerra

Bangladesh Asia hegoaldean dagoen herrialdea da. Munduko zortzigarren estaturik populatuena da, 142 milioi biztanle, eta oso pobrea da. Nazio Batuen Erakundean dauden 186 estatuetatik 34. txiroena. Munduan 75 milioi pertsonek lan egiten dute ehungintzaren sektorean, gehienak emakumeak; horietatik lau milioi Bangladeshen.

Bertan sortu zen Kalpona Akter ekintzaile sindikal eta feminista. Apirilaren 12tik 14ra Euskal Herrian izan zen, Setem Hego Haizea elkartearen eskutik. ELArekin egoteko ere tartea hartu zuen, Setem Hego Haizeak bultzatzen duen nazioarteko Arropa Garbia kanpainaren baitan.

Lehen eskutik ezagutzen du egoera hau Kalpona Akterrek. Hamabi urterekin hasi zen ehungintza fabrika batean lanean; aita gaixo zegoen eta etxean diru-sarrerak behar zituzten. Astean sei egunez egiten zuen lan, eta egunean hamasei ordutik gorako lanaldiak ohikoak ziren. Hilean sei dolar kobratzen zituen. “Nirea bezalako milioika kasu daude Bangladeshen. Gurea bezalako herrialdeetan ekoizten da Euskal Herrian saltzen den arroparen portzentaje handi bat. Har ezazue edozein arropa eta begiratu etiketa. Ziur asko Bangladesh, Txina, India, Myanmar edo Kanputxea irakurriko duzu. Izugarrizko esplotazio egoeran ekoizten ditugu arropak. Lanaldi amaigabeak, miseriazko soldatak, jazarpen sexista, lan osasun eta segurtasun gabezia larriak, antolatzeko eskubiderik ez...”

Rana Plazako mugarria

2013ko apirilaren 23an mundu zabalean izugarrizko oihartzuna izan zuen ezbeharra gertatu zen. Savar barrutian –Dhaka hiriburutik 24 kilometrotara– Rana Plaza eraikina jausi eta 1.138 emakume hil eta 2.500 zauritu ziren. Eraikinean oso ezagunak diren multinazionalentzako arropa ekoizten zuten milaka emakumek egiten zuten lan.

Kalpona Akter-ek argi du zeintzuk izan ziren errudunak. “Denek zekiten lehenago edo beranduago hori gertatuko zela. Bederatzi solairuko eraikin bat zen, eta arrakala handi bat zuen. Langileak beldur ziren, ez zuten sartu nahi, baina barrura sartzera behartu zituzten. Zer gertatu zen denok dakigu. Azkenean eraikina erori zen, barruan 4.000 emakume inguru zeudelarik. Iragarrita zegoen zer gertatuko zen, eta eragotzi zitekeen. Gobernua, enpresariak eta multinazionalak izan ziren erantzuleak. Rana Plazakoa ez zen gertakari isolatua izan. Hamarkada horretan ehungintza sektoreko 3.000 langile inguru hil ziren lantokiak erori edo su hartu zutelako”.

Rana Plaza mugarri bat izan zela aitortzen du Kalpona Akterrek. Langile askorentzat egoera hobetu zela dio, baina etorkizunari begira beldur da. “Erori zen eraikinaren irudiak mundu guztira zabaldu ziren. Oihartzun hori baliatu genuen presio egiteko, eta Bangladeshko Akordioa sinatu zen sindikatu, enpresari eta multinazionalen artean. Orain lantokiak seguruagoak dira, baina oraindik egoera oso latza da. Hiru enpresetatik bik ez dute bat egin akordioarekin, eta horietan egoera ez da askorik hobetu. Gainera orain teorian langileok antolatzeko eskubidea dugun arren, errealitatea oso bestelakoa da. Sindikatu askok oso mugatua dute euren jarduna, eta ezin dute negoziazio kolektiborik egin. Negoziazio kolektiboa oso enpresa gutxitan dago. Urtero milaka langile kaleratzen dira antolatzeagatik, eta behin zerrenda beltzean sartuta inork ez zaitu kontratatzen. Soldatei dagokionean ere egoerak antzera jarraitzen du. Gutxieneko soldata hilean 68 dolarretakoa da, bizirauteko heltzen ez den kopurua; guk 250 dolarretako gutxieneko soldata eskatzen dugu”.

Kontzientziazioa helburu

Bangladesh Center for Worker Solidarity erakundeko arduradun da Kalpona Akter, hau da, Bangladeshko Langile Elkartasunerako Zentroa. Sindikalismoaz eta langileen antolaketaz informatzen diete lankideei, aholkularitza eta babes juridikoa emanaz. Baina kontzientziazioa ere bilatzen dute.

“Kontsumo eredua aldatu beharra dago, kontsumitzaileen kontzientziazioa ezinbestekoa da. Milioika emakumeren esplotazioan oinarrituz egiten diren arropa horiek gero hemen saltzen dira merke-merke. Hiru edo lau euroren truke erosten dugun arropa horren atzean dagoen esplotazioa ikusi beharko genuke. Arropa merkearen eta ‘fast fashion’ edo modo azkarraren eredutik aldendu beharra dago. Aurreko belaunaldietan askoz ere arropa gutxiago erabiltzen zen, baina eredua oso ezberdina zen. Arropa horiek kalitate hobeagokoak ziren, urteetan erabiltzeko modukoak. Arropa horiek garestiagoak ziren, noski, baina egiten zituztenak familia oso bat mantentzeko adinako soldata jasotzen zuten”.

“Arropa merkea erosita soilik enpresa handiek irabazten dute, ez langileek. Erosten dugun arropa guztia beharrezkoa da? Ez al da hobe arropa gutxiago erostea baina kalitate handiagokoa, baldintza hobeetan egindakoa eta denbora luzeagoan iraungo duena? Gainera, ezin dugu ahaztu fast fashion-a ez dela jasangarria naturarentzat. Ur eta energia pila xahutzen da arropa egiten, natur baliabide ugari behar dira. Erabili eta bota kontzeptua alboratu behar dugu”.

Testuinguru honetan boikotaren aurka azaltzen da. “Gure borroka lan baldintzak hobetzean eta bestelako kontsumo eredu bat bultzatzean oinarritzen da. Argi daukat boikota ez dela konponbidea. Bangladeshen milioika emakume bizi dira ehungintzaren industriatik, eta lan hori behar beharrezkoa dute bizirauteko. Bertan ekoiztutako arropa ez erostea ez da irtenbidea”.

Egitetik saltzera

Euskal Herrian ez dago apenas ehungintza industriarik. Bai, ordea, ehungintza merkataritza. 10.000 lagunetik gora egiten dute bertan lan, ia denak emakumeak. Hauek dira dendetan erosten dugun arropa saltzeaz arduratzen diren pertsonak. Eva Manrique da horietako bat. Inditex taldeko denda batean egiten du lan, eta ELAko ordezkari ere bada. “Sektore feminizatua da. Ia langile guztiak emakumeak gara, eta enpresariak horretaz baliatzen dira lan baldintza kaxkarragoak inposatzeko. Oraindik ere gurea soldata lagungarri bat bezala ikusten da”.

Probintzia-mailako hitzarmena ezartzen zaie langile hauei. Dituzten eskubide eta onura guztiak borrokatuz lortu dituztela azpimarratzen du, inork ez diela ezer oparitu. “Gure kasuan, Bizkaian, irailean hitzarmen berria negoziatzeari ekingo diogu. Argi ditugu aldarrikapenak. Soldata igoerak eskatzeaz gain bizitza pertsonala eta lana uztartzeko neurriak planteatuko ditugu. Eta, noski, ditugun eskubideetan ez dugu atzerapauso bakar bat ere onartuko. Antolatuz eta borrokatuz gure baldintzak hobetuko dituzten hitzarmenak lortuko ditugu”.

Gizonezkoen patrikak beteta

Emakumeak dira negozio oparo honen protagonista nagusiak; eurek egiten eta saltzen dituzte arropak. Baina gero gizonak dira lan horren fruituak eskuratzen dituztenak. Erreparatu diezaiogun berriz ere Forbes zerrendari. Modaren industriaren hamar pertsona aberatsenen artean denak gizonezkoak dira: Amancio Ortega (Inditex), Bernard Arnault (LHMV), Phil Knight (Nike), Stefan Persson (H&M), Leonardo del Vecchio (Luxottica), Tadashi Yanni (Uniqlo), Francois Pinault (Kering), Alain eta Gerard Wertheimer (Chanel), Galen Weston (Selfridges) eta Henri Deichmann (Deichmann). Modan ere gizonezkoen patrikak beteta emakumeen esplotazioarengatik.

ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.