2020-12-18 13:05
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari angusiak adierazi du -LABIren bilera ostean- Urkullu Lehendakariak ez duela “bere gain hartzen pairatzen ari garen krisi sanitario, sozial eta ekonomiko egoerak eskatzen duen lidergoa”. Eusko Jaurlaritzak bere ardurari itzuri egin nahi izan dio berriro, eta horregatik bihurritzen ditu datuak. Lakuntzak horren adibide bat azaldu du: “Europa mailan erabaki zenean 14 eguneko intzidentzia metatuaren semaforo gorria 150 kasutan jartzea, hemengo gobernuak muga 500 kasutan ezarri zuen; eskandaluzko zenbakia”. Oso larria da ere erabakiak hartzerakoan irizpide zientifikoak ez aintzatestea.

Arduragabekeria larria da Urkulluk egin duen moduan neurriak arintzea 300 kasutik gora daudenean, eta komunitate zientifikoak esandakoaren kontra doa. “Honela kutsatze kasuak gehitu egingo dira, baita ZIUetako pazienteak eta covid-ak eragindako heriotzak ere. Eguberriak ezin dira izan norabide horretan aurrera egiteko argudioa”, salatu du ELAko idazkari nagusiak.

Lakuntzaren arabera, “ezin da onartu hemen garraio publikoa eta lantokiak kutsatze eremu gisa ez ikertzea. Ez da sinesgarria EAE izatea munduko leku bakarra non jendea ez den kutsatzen lanean edo lanerako bidean”. Europako beste leku batzuetan erabaki dute telelana ahal den kasuetan derrigorrezkoa izatea, edota oinarrizkoak ez diren dendak ixtea. “Hemen ez, eta datuak analizatzeari uko egitea da neurririk ez hartzeko estrategia bat”.

ELAko buruarentzat, hartzen ez diren erabakien atzean borondate bat dago: “ahal den gasturik txikiena egitea. Aztarnari gutxi jarri ziren, eta berandu; ez da ezer egin babesteko lanik gabe geratu eta INEM-SEPEren prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez duten langile guztiak; gainera, sektoreetarako planak ez dira nahikoak eta ordainketa hainbat hilabetez atzeratzen da. Eusko Jaurlaritzak ostalaritza irekitzeko baimena eman du besterik gabe negozioen iraupenerako behar den dirurik ez duelako gastatu nahi”. Erabakiak ez hartzeak aipatutako lidergo eza islatzen du.

Horregatik, Lakuntzak erabateko aldaketa eskatu du, jarrera eta politikei dagokienez. “Lehendakariak lehen lerroan kokatu eta jendeari argi hitz egin behar dio; gomendioak alde batera utzi eta bere erantzukizuna aintzat hartu, beharrezko neurriak hartu eta egoerak eskatzen duen dirua jarri. Derrigorrezkoa izan behar da, eta ez gomendio bat, inor bidean ez geratzea. Hirugarren olatu bat eta horrek ekar ditzakeen heriotzak ekiditea izan behar da Jaurlaritzaren lehentasun politikoa: ELAk uste du helburu hori lortu ezean ardura politikoak bere gain hartu behar dituela”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.