2020-05-22 15:34
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Radio Vitorian egindako elkarrizketan esan du PSOEk, UP eta EH Bildurekin sinatutako akordioak eragin duen anabasak utzi duen gauza onena dela lan erreformaren indargabetzearen eztabaida mahai gainean jarri duela. "PSOEk, atzera egitean, geunden leku berean utzi gaitu, atzeratuz doan indargabetze partzial baten aurrean."

"PSOEk UP eta EH Bildurekin sinatutako akordioa zuzendu izana atzerapausoa da. Akordioa bertan behera utzi dute, funtsezko bi gairen gaineko konpromisoa kenduz: Rajoyren lan-erreforma ez da erabat indargabetuko, eta ez da adostutako epean egingo. Inbestiduraz geroztik PSOEren jarrera da bhori. Hasieran, erreforma indargabetuko zutela zioten, baina berehala hasi ziren ñabardurak jartzen, eta indargabetzea mugatzen, bai edukiei bai epeei dagokienez."

"Esan daiteke geunden tokian gaudela. Erreforma partzial bati ekingo diote, sinatu zutena gorabehera. Horrela, solaskidearen fidagarritasunari kalte egiten zaio, eta okerragoa dena, horrelako gertaerek politika mespretxatzera eramaten dute jendea."

"Horren guztiaren alde positiboa da lan-erreforma indargabetzeari buruzko eztabaida berriz ere mahai gainean jarri izana. Erreforma egun batetik bestera jarri zen martxan, baina orain diote ezin dela egun batean indargabetu."

"Tamalgarria da PSOEk atzera egin izana; izan ere, enpleguari eusteko bermeak izateaz ari gara, datorren egoera larriaren aurrean soldatak mantentzeko bermeak izateaz. Aldi bereko hiru krisi ditugu gainean: osasun-krisia, krisi ekonomikoa eta gizarte-larrialdia areagotzea (politikak aldatzen ez badira, pobrezia eta desberdintasuna areagotuko dira). Eta ELAn lan-erreforma indargabetzeaz hitz egiten dugunean, Rajoyrien erreformaz ez ezik, Zapateroren  2010eko eta 2011ko erreformetaz ere ari gara."

"Mahai gainean jarri beharreko beste gai nagusia fiskalitatearena da. Fiskalitatean Europako batez bestekoarekin parekatzea planteatzen dugu, gure presio fiskala 8-9 puntu txikiagoa baita. Eta igoera hori gehien dutenei eta aurreko krisialdian kalte gutxien izan zutenei eskatu behar zaie. Gure kalkuluen arabera, presio fiskala sozietateen gaineko zergan  (irabaziak dituztenek bakarrik ordaintzen dute), ondarean eta PFEZaren errenta altuenetan areagotuz gero 3.750 milioi gehiago sartuko genituzke EAEn eta 900 milioi gehiago Nafarroan."

"Hori da eztabaida nagusia: nork ordaintzen duen; nondik ateratzen diren baliabideak ekonomia suspertzeko, enplegua salbatzeko eta zailtasunak dituen jende guztiaren beharrak asetzeko. Osasun-krisi honetan argi geratu da zein garrantzitsuak diren zerbitzu publikoak, kolektiboki eraiki duguna, osasuna, hezkuntza, zahar-egoitzak..."

"CONFEBASK patronala bera ohartu da ez dagoela besterik. Financial Times-ek ere, sindikatuen aldekoa ez dena, pilotu automatikoa aldatzeaz hitz egiten du, arlo publikoa indartzeaz, bestelako ekonomia bat egiteaz... bestela egoera bideraezina baita. Patronalak eta prentsa liberalak hori esatea oso argigarria  da bizi dugun egoeraren larriatasunaz jabetzeko."

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.