2021-11-24 10:15
ELAren XV. Kongresuaren lehen egunean, idazkari nagusiak adierazi du soldata arrakala erreferentzia bihurtzen ari dela negoziazio kolektiboan borroka sindikalari esker. 2017ko Kongresuan baino 2.000 afiliatu gehiago ditu egun sindikatuak eta erabat autonomoa da, txosten ekonomikoak agerian utzi duenez

Ohiko Kongresutik lau urte eta erdi igaro ondoren, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Batzorde Eragilearen zein sindikatuaren ibilbidearen inguruko balorazioa egin du, ELAren XV. Kongresuaren lehen egunean. Pandemiako sasoirik okerrenean sindikatuak eta militanteek egindako lana goraipatuz hasi du hitzartzea: “Sindikatua ezinbesteko tresna izan da”, Kongresuko leloak dioen legez, benetan garrantzitsuak diren gauzak defendatzeko.

Egungo egoera politiko eta ekonomikoaz jardun du Lakuntzak segidan, eta azpimarratu du ekonomikoki, sozialki zein ekologikoki jasangaitza den kapitalismoaren aurrean alternatiba eraiki behar duela sindikatuak, “sistema akats hutsa” izaki.

Bestetik, Pedro Sanchezen gobernuak benetako aldaketak egiteko agendarik ez duela salatu du, eta pentsioetan proposatutako murrizketak zein lan erreformak indargabetzeko erakutsi duen konpromiso eza deitoratu ditu. Gainera, estatuak aldebakarrez jarraitzen du zentralizazioarekin, dioenez. Urkullu Lehendadakariak, ordea, aldebikotasuna dagoela dio.

Era berean, Urkulluren eta Chiviteren gobernuei sindikatuak egindako proposamenak aletu ditu (fiskalitatea, aurrekontuak, lan osasuna, ekoizpen eredua...), zera ondorioztatzeko: botere ekonomikoaren eta patronalaren proposamenei soilik egiten diete jaramon. Lakuntza desados ere azaldu da Gasteizko eta Iruñeko gobernuek proposatutako politikekin, “inbertsio sozialetan ahalik eta gutxien gastatzea baitute helburu”, desberdinkeria zein lan eta prekaritate soziala egungo errealitate gordina izangatik ere.

Errealitate horren aurrean, ELAk berretsi ditu alternatibak eraikitzeko konpromisoa eta mobilizatzen jarraitzeko beharra. Guztia aldaketa lortzeko politika sozialistetatik, feminista, ekologistetatik eta demokratikoetatik.

Idazkari nagusia, bestalde, kezkatuta azaldu da ezkerreko alderdien jokamoldearekin eta oposizioa izateari uko egin diotelako. “Argi esan behar dugu gustatuko litzaigukeela EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bestelako politika egitea, baina ez dugu hori ikusten”.

Prekaritatea eta genero diskriminazioa

Negoziazio kolektiboari dagokionez, Lakuntzak azpimarratu du inoiz baino beharrezkoagoa dela kontraboterearen sindikatu eredua, prekaritateari eta genero diskriminazioari aurre egin nahi bada. “ELAk sinatu dituen hitzarmenekin lorpen garrantzitsuak lortu dira enpresa eta sektoreetan”. Hala nola, plantillen subrogazioa bermatzeko neurriak, ABLEk mugatzea, azpikontratatuentzako hitzarmenak edo soldata arrakalarekin amaitzeko akordioak. Horiek guztiak grebaren bidez lortu dira, “prekaritateari aurre egiteko ezinbesteko tresna baita greba”. Horren adibide dira Ferrovial Araia, CIE-Automotive, Navarpluma, Eulen-Euskalduna, NH eta Barceló hotelak… halako gatazketan lortutakoak, besteak beste.

Aurreko ponentzian helburu bat jarri zion bere buruari sindikatuak, bestetik: negoziazio kolektiboa suspertzea bi borroka eremu lehenetsiz, prekaritatea eta genero diskriminazioa, “eta horiekin amaitzeko greba ahalmena hobetzea ezinbestekoa da”, ziurtatu du idazkari nagusiak.

Hala ere, Lakuntzak salatu du zailtasunak izan direla administrazio publikoetan eta Gipuzkoako sektore feminizatuetan. “Patronalak erabat blokeatu du sektore feminizatuetako hitzarmenen hobekuntza, lan baldintzarik okerrenak dituzten sektoreena (Garbikuntza, Ostalaritza, Merkataritza)”. Eta gobernu eta erakundeek ere bat egin dute blokeoarekin, gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz, esaterako.

Ildo horretan, Lakuntzak oroitarazi du “negoziazio kolektibo feminista” abian jarri duela ELAk. “Genero diskriminazioaren kontrako borroka estrategikoa baita sindikatuarentzat”. Horren adibide dira Guggenheimen, Deustuko Unibertsitatean, Udaletan... egiten ari diren grebak. “Lortu dugu soldata arrakala erreferentzia bihurtzen hastea negoziazio kolektiboan, baina oraindik ere asko dugu egiteko”.

Aldi berean, Euskal Herriko lan hitzarmenak estatukoei gailendu behar zaizkiela hanpatu du sindikatuko buruak. EAJk eta EH Bilduk lan erreformak baldintzatu behar dituztela azpimarratu du, eskubide hori berreskuratzeko.

100.000 afiliatu baino gehiago

100.000ko langari eusten dio sindikatuak afiliazioan, Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak zehaztu duenez. 2017ko Kongresuan baino 2.000 afiliatu gehiago ditu ELAk; 100.925, abuztuko datuak hartuz gero. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herrian %36ko ordezkaritza duela ELAk. “Guztiaren abiapuntua dira afiliatuak, hor hasten delako lan baldintzak hobetzeko aukera eta eraldatzeko gaitasuna”. Bereziki nabarmendu behar da emakumeen afiliazioa, %46,10 baitira; azken kongresuan baino %13 gehiago.

Bestetik, sindikatua guztiz autonomoa dela azpimarratu du Muñoak. “ELAk ez dio ezer ere zor inori”. Eta, ondorioz, “horrek esan nahi du sindikatuaren posizioak eta erabakiak askatasunez har ditzakeela, beste sindikatuek baldintzatu gabe”. Ildo beretik hitz egin du Lakuntzak: “Ez dago autonomiarik afiliaziorik gabe. Afiliazioari esker bermatzen da sindikatuaren ezaugarririk handiena, gure autonomia, eta 100.000 afiliatuek posible egiten duzue Euskal Herriko proiektu sindikalik handiena”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.