2020-05-01 12:17
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak baieztatu duenez, Koronabirusak jotako krisiaren erdian aurtengo Maiatzaren Lehenak gogorarazi digu zeintzuk diren bizitzarako ezinbestekoak diren enplegu eta sektoreak, eta kolektiboa eta publikoa direla bizitzak aurrera egiteko berme bakarra. Jarraian, Lakuntzaren adierazpen bilduma.

Maiatzaren Lehena: Gurea, funtsezkoa, guztiona (bukaeran adierazpen osoa)

2020ko Maiatzaren Lehen honetan etxean konfinatuta gaude. Ezin ditugu kaleak hartu, elkarrekin bildu, ez eta besarkatu ere. Baina honek ez du esan nahi gaurko egunean ELAk ez duenik ezer esateko. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak aurten ere hitzaldia eman du; ez da izan sindikatuko militanteen aurrean izan, internet bidez baizik.

Bere parte hartzean, lehengoz, gure herrian eta mundu guztian zehar hil diren guztiak. Eta nabarmendu du zer nolako injustizia humanitarioa izan den milaka pertsona hiltzea, osasun arreta nahikorik eta behar bezalako segurtasunik izan ez dutelako.

“Pandemiak ez digu guztioi berdin erasan; klase irakurketa ere egin daiteke. Aurtengo aldarriak berebiziko mezua dakar berarekin batera: gogoratzen du zer den funtsezkoa biziak jarrai dezan; zeintzuk diren behar-beharrezko sektore eta enpleguak, eta kolektiboa eta publikoa denaren balioa, bera baita berme bakarra egun bizi dugun moduko erronka larriei aurre egiteko”.

Bizitza gara. Hori izan da Maiatzaren Lehenerako ELAk aukeratu duen mezua. Lakuntzak zergatia azaldu du. “Oso agerikoa da zerk eta nortzuk sostengatzen duten bizia. Gaur are argiago ikusi dugu zein arlo den ezinbestekoa gure bizimodurako: zaintza, osasuna, garbitasuna, elikadura... Jendarteak behar-beharrezkoak dituen sektore horiek, pandemiari aurrre egiten dioten horiek, prekarioak eta feminizatuak dira, baina hala da erabaki politiko baten ondorioz. Langile hauen beharra aitortzea ezin da txaloak isiltzearekin batera amaitu: asko zor diegu. Horregatik gure gobernuek hitz eman behar dute ja aitortza sozial orokor hori lan baldintzetan ere islatuko dutela”.

Etorkizunari begira ere jarri da idazkari nagusia, antolakuntzaren garrantzia azpimarratuz. “Aukera bidezko eta jasangarri bakarra dago: trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egitea. Horretarako gure indarguneak izango dira mobilizazio soziala, aliantzak, lankidetza eta kalean erakusten dugun indarra. ELAk badaki aldi berri hau zaila izango dela; horregatik, Maiatzaren Lehen honetan langile-klasearen antolakuntzarekiko gure konpromisoari eutsiko diogu; erabakitasunez egingo diegu aurre mehatxu eta erasoei, baina baita baliatu ere aldaketa bideratzeko aukerak. Horretarako prestatzea gure esku baitago”.

Irakurri hemen Mitxel Lakuntzaren adierazpen osoa 

Maiatzaren Lehena irudietan

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.