2022-01-24 12:37
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Radio Euskadin adierazi du Espainiako Gobernuak (PSOE-UP) eta CCOO eta UGT sindikatuek behin eta berriz 'gezurra' esan dutela lan erreformaren inguruan, euren hauteskunde programei ere iskin eginez. 'Zati txiki bat aldatu dute, gainerakoa dagoen bezala uzteko. Ez baitute lan erreforma indargabetu nahi'. Izan ere, kaleratzeak, enpresek lan baldintzak aldebakarrez aldatzeko duten eskumena, edota Euskal Herriko hitzarmenen lehentasuna ez dira aldatu, esaterako. Horregatik, gogorarazi du 'patronalaren garaipen baten aurrean' gaudela, euskal alderdiek baztertu behar dutena: "Berri on bakarra honakoa da: lan erreformaren dekretua atzera bota dela jakitea'.

Osasun publikoaren aldeko atzoko manifestazio jendetsuei dagokienez, Lakuntzak uste du balio izan dutela kaleetan ibistaratzeko langileen “etsipena” eta Eusko Jaurlaritzaren ekintzarako gaitasun falta. "Osakidetza okerrera egiten ari dela agerikoa da". Aurrekontuak egoera hori iraultzeko aukera zirela ziurtatu du: “Osakidetzan gaur egun egiten den inbertsioa duela 10 urte baino txikiagoa da”. Plantillen behin-behinekotasun handiari benetan erantzunen dion LEPa ere neurri egokia litzatekeela dio, besteak beste. Baita sindikatuek ikusten ez duten plangintza egokia ere: "Jaurlaritzak ez du inolako neurririk mahai gainean. Horregatik kritikatu ditugu hainbeste aurrekontuak. Eztabaida politikoak bestelako gaietan kokatzen dituzte. Milioika euro bideratzen dira AHTaren gisako obretara, eta osasuna, berriz, beheraka doa”.

Elkarrizketa osoa hemen: https://labur.eus/qFb8d

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.