2020-02-11 12:45
Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOek eta UGTk otsailaren 3an Elkarrizketa Sozialaren Mahaian lortutako akordioak eduki hutsalak dituela salatu du ELAk. “Gomendioak baino ez dira, ez daukate inongo zehaztapenik ezta eraginkortasunik ere”. Gainera, azpimarratu dute, “ordezkaritza legitimorik ez duten sindikatuekin sinatu dira akordioak, hain zuzen, %18,4 eta %10,3ko ordezkaritza duten CCOO eta UGT sindikatuekin”. Gogorarazi dutenez, ELAk eta LABek dute gehiengoa, 41,4% eta %19,6, hurrenez hurren. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak gogor salatu du mahai hori ez dela “inondik inora demokratikoa, %10eko ordezkaritzarekin ezin delako akordioetara iritsi”. ELAko Azterketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek gehitu du mahaiak helburu bakarra duela: egungo politika neoliberalen jarraipen hutsa izatea. “Mahai horretan parte hartzean gobernuaren politikak eta patronalen praktikak ontzat ematen dira eta sindikatuak ez gaude horretarako”, baieztatu du.

ELAren ustez, akordioetako edukiek ez dituzte inondik inora zalantzan jartzen etekinak igotzeko prekaritatea etengabe zabaltzen ari diren gobernuaren politikak ezta patronalaren praktikak ere. Gehitu duenez, prekaritatean sakontzen ari dira, beti ere, emakumeen eskubideen eta langileen lan osasunaren lepotik. “Berdintasun, lan osasun edo enpleguaren alorrean langile eta patronalen artean adostasuna dagoela irudikatu nahi izatea lan zentroetan etengabe dagoen gatazka ezkutatu nahi izatea da. Patronala eta gobernua zuritzeko ariketa hutsa da”. Elkarrizketa Sozialaren Mahaia baino, “ustezko euskal oasiaren miseria guztiak ezkutatzeko alfonbra bat dela” salatu du Lakuntzak. Horren adibide da Zaldibarren gertaturikoa, “Jaurlaritzaren eta patronalaren ereduaren porrotaren adibide argia, lan ikuspegitik zen ingurugiroaren ikuspegitik aztertuta ere”. Mahai hau patronalaren neurrira eginda dagoela azpimarratu du, berak erabakitzen duela zertaz hitz egiten den eta zertaz ez.

Eskubide bakar batean ere aurrera egiteko borondate eza erakutsi izana salatu du ELAk, berdintasunean, enpleguan, formakuntzan edo industria 4.0 deitutakoan ere inolako urratsik ematen ez dela argudiatuta.

Aurreko guztiagatik, ELAk edukirik gabeko mahaietatik kanpo geratzeko egindako hautua berretsi du beste behin. “Ez gatoz bat aplikatzen diren politikekin eta patronalen estrategiak salatzen jarraituko dugu. Ez diogu gezurrik esango jendarteari: arazoak ez dira era honetako mahaietan konponduko”, laburbildu dute.

Irakurri hemen balorazio osoa 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.