2019-03-29 11:52
Egun Nafarroako ELAko koordinatzaile Mitxel Lakuntza da Adolfo Muñoz Txiki ordezteko hautagaia. Erabakia datorren apirilaren 5ean hartuko dute Donostian egingo den ez ohiko kongresuan. Lakuntza 14 urtez izan da Batzorde Betearazleko kide, eta hainbat ardura izan ditu sindikatuan. Hamarkada batez sindikatuaren aurpegirik ezagunena izan dena ordeztearen bertigoa eta erantzukizuna gainean baditu ere, aldaketa handirik ez dela egongo esan du: “Gure zuzendaritza kide anitzekoa da, eta pertsonak aldatzen diren arren, proiektua mantentzen da” azaldu du. “Lan-ildo berari jarraituko diogu, are indartsuago eta gogo handiagoz, gaizki pasatzen ari den jendeak hala eskatzen digulako”. Bere lehen elkarrizketa da hau, ALDA aldizkariari eskainia.

ALDA aldizkarian eginiko elkarrizketa:

-Apirilaren 5ean idazkari nagusi hautatuko zaituzte, ziur. Ziur diot hautagai bakarra zarelako. Zergatik ez dago ELAn buruak aukeratzeko hauteskunde primariorik?

-ELAren ezaugarri bat da sindikatuaren proiektuarekiko barne-kohesioa lantzea. Oso errotuta dago, gure kultura politikoaren parte da, eta hori posible izan dadin, partekatzera, konparatzera eta, azken finean lan kolektiboa norberaren aztarnaren gainetik indartu eta baloratzera behartzen gaitu. Beharbada, hauteskunde primarioen prozesuak errazago sal daitezke, baina egia da sarritan horren atzean dagoena ez dela eztabaida estrategikoa, baizik eta interes pertsonaletan oinarritutako eztabaida. Dinamika hori hauteskunde primario askotan sartzeak prozesu horiek sustatzen dituzten erakundeak suntsitzen ditu azkenean. Erakunde batek gehiago hitz egiten duenean barne-arazoei buruz bere proiektuari buruz baino… Kontu txarra.

-Lehen idazkari nagusi nafarra zara. Badago arrazoi politikorik horren atzean?

-Ez, bat ere ez. Ez dago lurralde-kuotarik, ezta antzeko ezer ere ez. ELA Euskal Herri osoan ezarrita dagoen sindikatu bat da, eta milaka gara proiektu honetan eta zuzendaritza-taldeetan gauden nafarrak. Uste dut galderak agerian uzten duela Nafarroa oraindik ere gure herrialdearen errealitate periferiko gisa ikusten dela, eta ez soilik geografikoki. Euskal sindikatuaren errealitate hori, hain zuzen, aurkaratu edo ezeztatu egin nahi den egitate bat da, urte luzez Nafarroan erregimena deitu dugun horrek egin nahi izan duena.

Nafarroako sindikatua koordinatzetik Hego Euskal Herri osokoa koordinatzera pasatuko zara. Bertigoa ematen al du jauzi horrek?

-Ez dut uste bertigoa denik tamaina horretako erronka bati aurre egiteko dudan modua definitzeko hitzik egokiena. Erdibideko sentsazio bat da, erantzukizun handiagoaren, asmatzen jarraitzearen eta ondo lagunduta eta oinarri oso solido eta kontrastatuak dituen proiektu baten parte izatearen sentsazioen artekoa.

-Txiki ordezkatuko duzu karguan, eta elkarrekin egin duzue lan. Zer azpimarratuko zenuke hari buruz?

-Gauzak asko. Hasteko, trakzio-gaitasun handia du. Gai edo kontu bati ekiten dionean lana aurrera gogotsu eta determinazio handiz eramaten duen pertsona bat da. Bere lan egiteko gaitasuna ere azpimarratuko nuke. Oso konstantea, sistematikoa eta zorrotza da; gogoeta guztietan iritsi ohi da xehetasun txikienetara. Gauza garrantzitsuak ikasi ditut berarengandik. Ez da bide errazen lagun, baizik eta kontsekuenteena. Bizitza osoa darama sindikatuarekin harremanetan, eta oso barruan darama. Logikoki, taldean asko partekatu den lan horretan egon da, baina, zalantzarik gabe, pertsona gakoa izan da krisialdiaren urterik latzenei aurre egiteko.

-Kezkatu egiten al zaitu mundua zeharkatu duen olatu feministak ez ulertzea idazkari nagusia berriro ere gizonezko bat izatea?

-Hasteko, uste dut mugimendu feminista lortzen ari den mobilizazio- eta kontzientziazio-maila hori berri posible onenetako bat dela autoritarismoak, matxismoak eta demokrazia faltak aurrera egiten duten mundu honetan. Bigarrenik, sindikatuak azken urteotan aldarrikatu duenari jarraikiz, berdintasunaren aldeko eta generoagatiko diskriminazioaren kontrako borroka funtsezko gaia da, guztiz estrategikoa. Apustu hori kolektiboa da, eta ELAko emakume eta gizon guztiek egin beharko lukete. Horren adibide garbia dira ELA sektore feminizatuetan sustatzen ari den greba eta mobilizazioak. Borroka sindikalen iruditegia eta protagonismoa aldatzen ari dira. Prozesu geldiezina da, emakumeak baitira prekariotasun handieneko egoerak pairatzen dituztenak.

Halaber, azpimarratu egin behar da etengabe ari direla emakume berriak gerturatzen sindikatura, zuzendaritzako lanpostuetara eta Batzorde Nazionalera. Azken horretan, emakumeak gizonak baino gehiago dira jada. Gainera, sindikatuan ardura garrantzitsuak dituzten emakumeak ere badira.  Batzorde Nazionalean esan nuen idazkari nagusi izateko hautagai proposatu nindutenean: “Ez naiz emakumea, horretan ezin dizuet lagundu. Baina feminista izaten saiatzen naiz, hori bai, nire esku dago”. Erakundea egiten ari den guztia eta hartu dugun konpromisoa aintzat hartuta, uste dut sinplifikazioa litzatekeela eztabaida pertsona baten generora murriztea. Hori ez litzateke inola ere bat etorriko ELAn berdintasunaren eta sindikatu feminista bihurtzearen alde egiten ari garen apustu irmoarekin. Apustu horrek sindikatuaren antolaketa eta gure sindikatu-kultura osoa aldatu beharra dakar berekin.

Olatu feminista sindikalismo aldarrikatzaileari ere zuzentzen zaio. ELAn argi daukagu sindikalismo eraldatzaileak feminista izan behar duela ezinbestean, eta lantzen ari gara. Eraikitzen ari den sindikatu feminista gara.<0} Sindikatu gisa daukagun kezka eta erronka nagusienetako bat da pentsatzea nola lor dezakegun gure erakundeak gero eta gehiago eta hobeto hartzea aintzat emakumeen aldarrikapenak.<0} Gure berdeak are moreagoa izan behar du egunetik egunera.

-Nola bateratuko dituzu zure bizitza pertsonala eta lan-bizitza? Konfederazioa Bilbon dago, zu Iruñean bizi zara…

-Sindikatu honek historikoki Bilbo erabaki-zentro gisa izan duen kontzepzioa ez dator egungo errealitatearekin bat: gaur egun, jarduera deszentralizatuago dago. Hala eta guztiz ere, badakit ez dela erraza izango; Iruña, Bilbo eta gainontzeko herrialdearen arteko oreka aurkitzean datza kontua, lehen egunetik kontraesanetan ez erortzeko. Militantzia eta zaintza-lanak, norberarenak eta gure ingurukoenak, erakundean gero eta presenteago dagoen eztabaidagai bat da.

DENARI ERAGITEN DION LAN-PREKARIETATEA

-Zein da ELAk gaur egun duen sindikatu-erronka nagusia?

-Prekarietatearen kontra borroka jarri dugu gure jarduera sindikalaren erdigunean. Lan- eta gizarte-prekarietate hori herritar gehienak pobretzeko estrategia ekonomiko eta politiko baten emaitza da. Bizitza politiken erdigunean jartzeari buruz hitz egiten dugunean interes jakin batzuei (banka, patronala, enpresa handiak, etab.) aurre egiteko mezu bat igortzen ari gara, eta horrek esku hartzea, mobilizatzea eta antolatzea dakar berekin.

Interes horiek defendatzen dituztenek errepikatu egiten dute krisialditik atera garela, 2009tik gertatu den guztia amesgaizto bat izan balitz bezala. Krisialdiaren ondorioak iraunkorrak dira, eta, zoritxarrez, oso agerikoak ere bai. Argi erakusten dute aberastasuna are txartoago dagoela banatuta, eta desberdinkeria zalantzan jartzen ez duten politika publikoak mantendu eta enpresei botere gehiago ematen dieten lan erreformak egiten direla. Gaur egun errazagoa da pertsona batek bere enplegua galtzea krisialdi aurretik baino, baita soldata txarragoa edukitzea edo baldintza prekarioagoetan egotea ere. Soldata baxu horiek prekarietatearen ezaugarri dira. Beste ezaugarri bat egun bizi dugun lan-ezegonkortasun handia da, hurrengo astean lan egingo duzun ez jakitea. Hirugarren ezaugarria lan-segurtasun eta –osasun faltarekin zerikusia duen guztia da, lan toxiko eta penagarriarekin zerikusia duena.

-Prekarietateak ez dio soilik sektore pribatuari eragiten.

-Hori da. Administrazio publikoak herrialde honetako prekarietatearen lehen postuetan daude. Osakidetzan edo Osasunbidean, badaude urtero 200 kontratura arte dauzkaten langileak. Sinestezina da. ELAk kanpaina bat abiarazi du EAEn eta Nafarroan sektore publikoaren egoera hori salatu eta prekarietatea % 6ra murrizteko dauzkagun proposamenak sozializatzeko. Gure administrazioek erantzukizun zuzena dute. Ez du balio Madrilek ez digula uzten esatea, ez baita egia.

-PSOE eta PPren lan-erreformek zuzenean egin zioten eraso ELAren negoziazio kolektiboko ereduaren flotazio-marrari. Zein diagnostiko egiten diozu gaur egun negoziazio kolektiboari?

-Erreformak gobernuek patronalaren exijentziak onartzearen ondorio dira. Eskema oso sinplea da: edozein krisialditan geratzen den “shock” egoera betean, ahalik eta neurri gehien martxan jartzeko saiakerak egiten dituzte langile-klasearen babesgabetasuna handitu eta beren onurak handitzeko. Xede hori errazteko, sindikatuei ere erasotzen zaie. Hein batean, egin diren erreforma horiek guri ahalik eta ate gehien ixteko egin dituzte. Lehen minimo batzuk bermatzen zituzten hitzarmenen bidez egingarriak ziren aukerak itxi eta oztopatu egiten dizkigute. Lehen, enpresak derrigortuta zeuden hitzarmen horiek errespetatzera, eta ez ziren desagertzen indarra galtzen zutenean. Horri gehitu egin behar zaio gure hitzarmen sektorialak hemen negoziatzea saihesteko erreformek izan duten eragina.

EAJren abstentzioari esker, UGT, CCOO eta CEOEri orain arte hemen negoziatzen genituen hitzarmen eta edukiak Madrilen beren gain hartzea ahalbidetzen duen erreforma bat onartu zen. Oso egitate larria da, eta agerian uzten dituzte gauza horiek egiten dituzten pertsonak, baina, batez ere, lan-baldintzek okerrera egitea dakar berekin. Tamaina horretako eraso baten aurrean, baloratu egin behar da ELAk itxi diguten ate bakoitzaren aurrean ez etsitzeko egin duen lana. Ia instintiboki, alternatibak bilatu ditugu, negoziazio kolektiborako eskubidea defendatzen jarraitzea ahalbidetu diguten arrailak irekitzea bilatu dugu. Erreformaren kontrako hitzarmen asko blindatzea lortu dugu, baita urte luzez berritu gabe egon diren hitzarmen sektorialak desblokeatzea ere; dena den, oso presente izan behar dugu gure herrialdeko langileen erdiek ez dutela hitzarmen berriturik. Hori da oraindik ere gure sindikatuak negoziazio kolektiboaren arloan duen erronka nagusienetako bat.

-Botere politikoak eskatzen duen guztia edo ia guztia ematen diolako negoziatzeko beharrik ez duen patronal batekin... Zer geratzen zaio sindikatuari?

-Lehenik eta behin, etsipena baztertzea eta zintzotasunetik abiatzea. Ez da egoera erraza, baina ez gaude hemen fikzioetan parte hartzeko, ezta jendearen inplikaziotik pasatzen ez diren konponbideak elikatzeko ere. Sindikatua tresna bat da, eta balioa du langileek erabiltzen duten neurrian. Horregatik azpimarratzen dugu hainbeste langileak lan-zentro bakoitzetik antolatzearen garrantzia. Azken finean, indartsuagoak izateko eta hitzarmen hobea izateko aukerak handitzeko kontzientzia piztea, inplikatzea eta batzea da.

Ibilbide honetan zehar, batzuetan greba ez da aukera bat, batzuetan gure aukera bakarra da. Berri txarra da jakitea iaz grebak % 80 hasi zirela. Konplexurik gabe defendatzen dugu greba, onura handiak ematen dizkiolako langile-klaseari. Ez da bakarrik lan-baldintzak hobetzea, batasun-, aitorpen, ikaspen- eta kontzientzia-kontua ere bada, besteak beste. Greba gogorra da, ez da arrosa-bidea, baina sorrarazten duen emozioak ez du parekorik sindikalistentzat. Ezinbestekoa da etengabe bere nortasuna defendatzen ari den langile-klasearentzat. Grebek gizarte hobea, demokratikoagoa eta solidarioagoa eraikitzen laguntzen dute.

EZKERRAREN TRAGEDIA

-Hauteskunde-kanpaina bete-betean gaude, bai EAEn bai Nafarroan. Zer azpimarratuko zenuke laurteko honetako politika publikoei buruz?-

- Zoritxarrez, uste dut Iñigo Urkullu eta Uxue Barkosen gobernuek oinarrian antzeko politikak izan dituztela ekonomia- eta gizarte-gaietan. Horrek sindikatua gobernu biekiko kritikoa izatea eragiten du. Hori esanda, azpimarratu egin behar da Urkulluren gobernuaren ezaugarri bereizgarri bat: ezezkoa eman dio ELArekin biltzeari. Atsegin izan ala ez, hau da EAEko sindikatu nagusia. Danbateko batez itxi diote hitzarmen partzialetara iristeko edo edukiaren araberako gaiak aztertzeko aukerari. Erabaki horrek oso ondo deskribatzen du zein den boterearen eta politikaren gainean duten kontzepzioa. Nire aburuz, soberan dago harrokeria eta faltan demokrazia-gaitasuna. ELArekiko harremana kritika egiteari uztearekin baldintzatzea onartezina da. Gure autonomiari uko egiteko eskatzea bezain larria da.

-Berriemaile batzuek diote EAJren oposizio politiko bakarra ELA dela.

-Sindikatu bat gara. Ez gehiago, ez gutxiago. Eta ez gara alderdi politikoen arteko borrokan sartzen. Hori bai, agerikoa da Urkulluren gobernuak gaizki onartzen duela kritika, beste arrazoi askoren artean, ziurrenik oposizio politiko errealik ez duelako. Edo hori da, gutxienez, sindikatuaren pertzepzioa: gobernu horrek duela ez hainbeste onartu zituen PPren aurrekontuak Madrilen, PSErekin gobernatzen du Lakuan eta are gai da EH Bildu aurrekontuen negoziaketa-prozesuan nahasteko eta "historikoa" zela aldarrikatzen zuten estatus berri bati buruzko akordio bat sinatzeko... Besterik gabe, uste dut EAJ gaizki ohituta dagoela, eta horrek ikusgaitasun handiagoa ematen dio ELAri. Gobernu horren politikak eragin negatiboa du defendatzen ditugun pertsona askoren bizitzetan, eta, logikoki, ELA ez da geldirik geratzen egoera horren aurrean. Irekita daude gatazka eta greba asko (egoitzak, garbiketa, etxeko laguntzak, eskoletako jantokiak, hezkuntza...), zerbitzu minimoak ezartzea eta EAEko gobernuaren eta EAJren gobernupean dauden Foru Aldundien eskumeneko azpikontratazio publikoko prozesuei nola aurre egin, besteak beste. Gizarte-gaietan, sistema fiskal bidegabea erreformatzeari edo DSBE eta etxebizitza-prestazioetan LEIren eragina eztabaidatzeari ezetz esatea sindikatuak politika publikoak izan behar direnari buruz duen kontzepziotik oso urruti dago.

-Nafarroako aldaketaren gobernua delakoak aldaketa ekarri al du benetan?

-Duela lau urte Nafarroako koalizioak (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra) bere gobernu-programa argitaratu zuenean, ELAk irakurketa kritikoa egiteko ausardia eduki zuen, eta ohartarazi genuen programak alde batera utzi zituela aldaketari begira garrantzitsuak ziren puntuak. Erabat polarizatutako egoera batean sindikatua autonomiarekin lotutako erronka baten aurrean jarri dugu. Azken berrogei urteetan, gure sindikatuak, hainbat pertsona eta erakundek bezala, UPN, PP eta PSN alderdiek zuzendutako erregimen baten politikak jasan ditu. Euskaldunon eta gizartearen aurkako politikak izan dira, murrizketekin, alferrikako gastuekin eta diru publikoaren kudeaketa dohakabearekin. Hala ere, hasieratik azpimarratu genuen aldaketa egiteke dagoela: ez da nahikoa gobernua aldatzearekin, politikak ere aldatu behar dira.

Badakit gai batzuen inguruan egin dugun irakurketa ez datorrela bat koalizioaren iritziarekin, baina ezin dugu ezinikusiarena egin zerga-politika ia aldatu ez dutenean, gastu-araua zalantzan jarri ez dutenean, zerbitzu publikoen inbertsioa handitu ez dutenean edo AHTaren proiektuarekin jarraitu dutenean. Onartezina da gobernuak baimenik eman ez izana errenta bermatuari eta etxebizitzari buruzko legegintzako herri-ekimenari begira sinadurak biltzeko. Nafarroan badaude ideia bat finkatu nahi duten pertsonak: horien arabera, gobernua kritikatzen dutenek eskuina sustatzen dute. Agerian dago hori ez dela egia, batez ere interpelazioaren norabidea eta jatorria bereizi behar direlako, eta ELAk gauzak aldatzea nahi du. Horregatik, ekarpena ezin da isiltasunean edo adostasunean oinarritu, baizik eta onestasunean eta exijentzian.

Hori esanda, beste gauza batzuk aldatu egin dira, eta sindikatuak neurri batzuk txalotu eta babestu ditu. Lehenik eta behin, gobernu honek alde batera utzi du nafar zintzo eta gaiztoen arteko bereizketa, erregimeneko alderdiek ezarritakoa. Horren ordez, saiakerak egin ditu errealitate instituzionalak Nafarroako aniztasuna kontuan hartzeko; aurrerapausoak egon dira euskarari begira, erabaki garrantzitsuak hartu dira biktima guztien aintzatespenean, memoria historikoan, genero-indarkeriaren aurkako borrokan... Gobernuarekin eta koalizioko alderdiekin dugun eztabaida aldaketaren sakontasun eta irismenari buruzkoa da, eta ez jarraitasunari buruzkoa.

-Posible al dira aldaketa sozial eta laboral horiek egungo ezkerrarekin?

-Ez dugu ezker sendorik ikusten, ideia argiekin, asko hazi den eskuinari aurre egiteko asmoa duen programa batekin. Zaila da egungo ezkerrari ulertzea, ez baitu programa konplexurik gabe gauzatzen. Ezkerraren agenda aurrera eraman ez izana tragedia bat da langile-klasearentzat, ez baitugu bozgorailurik gure aldarrikapenentzat erakundeetan. Ez dugu ulertzen, uste baitugu politika ezkertiarrei uko egiteak ondorio argiak ekarri dizkiola Europako sozialdemokraziari, eta gaur egun ez du inolako garrantzirik. Espazio politiko bat hutsik uzten denean, lehenago edo beranduago norbaitek okupatuko du espazio hori. Herritarrentzat garrantzitsuak eta kezkagarriak diren gaiak (enplegua, prekarietatea, etxebizitza, gai sozialak), erretorikatik at, ez dira ezker politiko eta instituzionalaren lehentasunezko ekintza politikoaren parte. Arazo hori alderdiek erdigune politikoa berenganatzeko hasi duten norgehiagokan oinarritzea akats larria iruditzen zaigu.

Aldarrikapen batzuk bertan behera gelditzen ari diren heinean, ezkerrak eskuinaren zelaian jokatzen amaitzen du. Hori da duela gutxi ikusi duguna EAEko aurrekontuen negoziaketan. ELArentzat, ulertezina da EH Bilduk edo Podemosek aurrekontuan zati baten onarpenean izan duten rola, “gaitz txikienaren” logika horren oxigenoa ematen baitio Urkulluri. Jendearen desilusioa edo neoliberalismoaren garaipen ideologikoa ezkerraren erabaki-falta horren ondorio dira, ez baita gai izan hegemonikoak ez diren erreferentziak babesteko. Ezkerrak konplexurik gabe hitz egin beharko luke gai batzuei buruz, eta, horrekin batera, mahaiaren gainean alternatiba argiak jarri eta pedagogia egitea, ezkerrak berak aukeratutako zelaian jolasteko, eta ez eskuinak markatzen dionean.

-Gauzak horrela, ba al dago alternatibarik egungo status quoari begira?

-Alternatibak daude, noski: Zer egin du ELAk? Zer egin dute pentsiodunek? Zer egin du mugimendu feministak?... Borrokan ari gara. Gure aurkariak nortzuk diren ari gara kokatzen, baita gure helburuak ere, eta jendea mobilizatzen eta kalera ateratzen ari gara. Ezinezkoa da adeitasuna, norgehiagokari uko egitea edo “giro ona” babesten duen korrontea jarraitzea lurrean zaudenean eta lepoa zapaltzen dizutenean. Badago lerro politiko bat (baita ezkerretik ere) etengabe mintzatzen dena espazioak borrokarik gabe okupatzeaz: hori ezinezkoa da. Gatazka gizartearen parte da, aurkako interesak baitaude. Kontuaren gakoa zera da: borrokaren alde egin ala ez. Erantzuna ezezkoa bada, aukera bakarra eskuinaren ideiekin bat egitea da.

-Atzeraezina al da sindikatuak hartu duen erabakia, EAEko eta Nafarroako Gizarte Elkarrizketetako Mahaietan parte ez hartzearena?

-Eusko Jaurlaritzaren ideia izan zen gizarte-elkarrizketetarako mahai bat abian jartzea ELA eta LAB gabe. Sindikatu horiek EAEko langile-klasearen % 60 baino gehiago ordezkatzen dute. Egin behar dugun lehenengo hausnarketa honako hau da: zertarako balio dute mahai horiek? Gure ustez, sindikalismoa geldiarazteko. CGTP sindikatuak (hau da, Portugalgo lehen sindikatuak) bat egin zuen gure hausnarketarekin. Tranpa bat dira, mobilizazioa indargabetzeko helburua dutena. Bigarren hausnarketa zera da, gizarte-elkarrizketa hori gehiengo sindikala kontuan hartu gabe egin dela. Gobernua, patronala eta bi sindikatu (UGT eta CCOO) daude ordezkatuta, eta guztira ez dute ezta % 30 ordezkatzen. Erabaki horrek osagai antidemokratiko kezkagarria du. Beste pauso bat ere eman da alde horretatik: akordioetara heltzeko, nahikoa da bi sindikatuetako baten sinadura. Mahaia gobernuaren kutsu demokratiko eskasaren isla da, eta asko kezkatzen gaitu mota horretako erabakiak normaltasunez eta naturaltasunez hartzeak.

DEMOKRAZIA ESPAINIARRA, AUZITAN

-Urtebete igaro da ETAk bere desegitea iragarri zuenetik. Hala ere, gobernu espainolak eta frantsesak ez dute aurrerapausorik eman presoen sakabanatze-politikan edo presoen giza eskubideen urraketaren arloan. Nola deritzozu oraingo egoerari?

-Ikuspuntu politiko, etiko eta, batez ere, gizalegezkoetatik onartezina da Gobernu espainiarraren jokabidea, alegia, espetxe-politika ez aldatzearena. Sakabanatze-politikak ez du inoiz izan zuribiderik, baina orain are gutxiago.

Alde handia dago Estatuaren jokabide horretatik euskal gizarteak orokorrean duen iritzira, gatazka politiko eta armatuko hainbeste urtetan egindako zauriak itxi eta orbaintzeari dagokionez.

Ildo horretatik, biktima bakoitzaren ideologia alde batera utziz, haietako bakoitzaren mina aitortzeko eta arintzen saiatzeko ekimenak txalotzen ditugu guk. Hori ibili beharreko bidea da, gizarteak onartu behar duena.

-Kataluniako procés-aren judizioa puri-purian dago. Zer espero duzu ateratzea judizio horretatik? Zein da ELAren iritzia?

-Judizioan zehar ikusi ahal izan dugunak erakutsi digu judizio politikoa dela. Preso daudenak beren jardueragatik edo ordezkaritza politikoagatik daude, eta 25 urterainoko espetxe-zigorra eskatzen du fiskaltzak, guztiz funtsik gabeko eta alegiazko argudio eta akusazioak eginez.

Horrek gogora dakarkigu Altsasuko mutilen judizioa. Espainiako sistema judizialak, eta demokraziak berak ere, izen ona nahikoa galduta ez bazuten lehendik, orain nazioarteko komunitateko zati handi baten begiradapean daude. Estatu espainolaren kalitate demokratikoa dago zalantzan.

Estatuak erakutsi du ez dagoela prest elkarrizketaz eta politikaz baliatzeko, subiranotasunaren eta lurralde-doikuntzaren arazoak onbideratzeari begira. Eta pentsamolde hori, itxurak eta moldeak gorabehera, pentsamolde partekatua da, Sanchezen gobernutik Voxeraino. ELAk beti aldeztu du demokraziaz baliatzea subiranotasun-eskariak bideratzeko. Bakoitzak procés-i buruz izan dezakeen ideia politikoa alboratuz, ukaezina da bake-bideetatik egin dela, erakundeen konpromiso handiko lidergoaz, eta inoiz ez bezalako mobilizazio sozialaren bultzadaz.

Sindikatuak bat egin behar du ahalegintzen den jendearekin, eta Katalunian ahalegintzen ari dira, modu demokratikoan eta zibilean. Horregatik Kataluniako herriarekiko eta bereziki akusatuen aulkian esertzen direnekiko gure miresmen eta elkartasun osoa dugu.

ALIANTZAK LANTZEA

-Errealitate konplexua bizi dugu, eta aliantza sindikalak kaltetuta daude. Mikel Lakuntzaren erronka nagusietako bat izango al da LABekiko ekintza-unitatea berreskuratzea?

-Ez da sekretu bat: ELA eta LABen arteko harremana krisisldian dago. Urteak daramatzagu ahaleginak egiten eta elkarren arteko harremanari eusten gure arazoei aurre egiteko, batez ere negoziazio kolektiboaren inguruan. Hala ere, oraindik ez dugu konponbiderik topatu. ELA eta LAB ados gaude kontu askotan: klase-sindikatu soberanistak gara, gizarte-elkarrizketa eredua eta aplikatzen diren politika publikoak kritikatzen ditugunak. Hala ere, praktikan adostasun horiek hainbat arazori egiten diete aurre, ELA eta LAB bateratzea eragozten dutenak. Lehenik eta behin, LAB sindikatua mugimendu zabalago baten parte da, bat datorrena alderdi politiko baten estrategiarekin. Errealitate horrek harremana baldintzatu eta deformatzen du, askotan ez baikara ados jartzen lehentasunekin. Beste modu batean esanda, EH Bilduk botere instituzionala duenean edo EAJrekin negoziatzen duenean, ELA eta LABen arteko harremana konplikatu egiten da.

Bigarren arrazoia tresnei buruzkoa da: ez gatoz bat lantzen ditugun tresna eta baliabideekin. Estaldura handiko erresistentzia-kutxa duen sindikatu baten estrategia eta aukerak ez datoz bat horrelako baliabiderik ez duen sindikatu batekin. Praktikan, LABek teorizazio okerra egiten du greben inguruan, uste baitute laburrak eta eraginkorrak izan behar direla. Desira horrek talka egiten du errealitatearen aurka, enpresek zehazten baitute greben iraupena. Gure esku dago baldintza onenak ezartzea gure bazkideek aurrera egin dezaten. Orain, adibidez, Gipuzkoako egoitzetan ELAk 19 greba-jardunaldi iragarri ditu, eta, LABek, berriz, bi. Ez bagatoz bat praktikan, zaila da ekintza bateratuak burutzea.

-Optimista al zara epe laburrera?

-Ziur asko eraiki beharrekoa behetik gora eraikiko da, bi noranzkoetan egiten duguna alde batera utzita. Bizitza errealeko praktikak, koherentzia emateaz gain, aukerak ireki beharko ditu. Erreala izan dadin, ELA eta LABen arteko ekintza-unitatea gertakari zehatzetan antzeman beharko da: akordio berdinak sinatuko ditugulako, exijentzia-maila bera izango dugulako eta, batez ere, hala dagokionean grebetan bat egingo dugulako.

-Azken urteetan ELAk indartu egin du hainbat gizarte-mugimenduekiko aliantza. Zein emaitza eskuratu nahi ditu sindikatuak lankidetza horretatik?

-Sindikatuak aspaldi ulertu zuen langile-klase moduan ditugun erantzukizun eta beharrak lan-zentroaren alorretik haratago doazela. Gizarte-aldaketarako tresna ere bagara. Alde horretatik, ekimenak sustatzen jarraitu behar dugu; beste erakunde eta sindikatuekin partekatu behar dugun agenda da. ELAk ekarpen asko egin ditzake, baita partekatu eta, batez ere, asko ikasi ere. Ez da erraza dinamika bateratuak eta askotariko estrategiak abian jartzea, erritmo eta ikuskera desberdinekin, baina espazio partekatuetan lan egiten ahalegintzen ez den erakunde oro desagertzeko arriskuan dago. Erakundearen barruko lanak ere garrantzia du: ezinbestekoa da gure bazkideak kontzientziatzea. Apirilaren 5eko ezohiko kongresuan Maialen Aranburu zuzendaritzan sartzea proposatuko da, “Ekintza Soziala” sailaz arduratzeko. Horrek agerian uzten du sindikatuak urrats garrantzitsuak eman nahi dituela neoliberalismoarekiko alternatibei begira.

KONTRABOTERE SINDIKALEKO EREDUA

-Hauteskunde sindikalen prozesuan gaude murgilduta, eta emaitzak onak ari dira izaten, bai EAEn eta bai Nafarroan. Zein da egiten duzun irakurketa?

-Historiako ordezkaritza handienak lortu ditugu (% 41,20 EAEn eta % 22,70 Nafarroan), eta hori berri ezin hobea da. Batez ere bi arrazoirengatik: lehena, ELAko ehunka militantek egunero egiten dugun lanaren emaitza izan delako, eta, bigarrena, ELAren kontrabotere-ereduarekiko babesaren isla delako. Eredu hori ezartzea ez da batere erraza gure gizartean. Pertsona askok honako hau entzun nahiko lukete guregandik: “Zuk ordaindu zure kuota; gu arduratuko gara zure arazoak konpontzeaz.” Baina hori ez da horrela. ELAk honako hau esaten die: “Sindikatua tresna bat da, baina zure parte-hartzea behar du. Zure esku dago, baita jendea antolatzeko dugun gaitasunaren esku ere, gehiengoak osatzeko, bazkideak erakartzeko eta botere erreal moduan osatzeko gaitasunaren esku”.

Zorionak eman behar dizkiegu gure militanteei emaitza horiengatik, batez ere gatazkak betetako sektoreetan, prekarietate handiko sektoreetan. % 41etik gorako emaitza lortzeak ondo islatzen du egindako lan guztia, sekulakoa izan baita. Ezin ditut ahaztu Nafarroan azken urteetan egon diren emaitzak. Zerrenda beltzak idatzi zituzten gure bazkideekin, eta ikaragarrizko ententea egon zen gobernuaren, patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen artean; izan ere, 2015a arte sindikatu horietako 170 pertsona baino gehiagoren soldatak ordaintzen zituzten diru publikoarekin. Euren helburua, besteak beste, ELAk Nafarroan zuen presentzia murriztea izan zen. Argi dago porrot egin zutela: gaur egun, ELAk puntu bateko distantzia du CCOO sindikatuarekiko, eta bi puntukoa UGTrekiko. Duela urte batzuk % 36ko ordezkaritza zuen azken horrek.

-Amaitzeko, zer idatzi du Mitxel Lakuntzak bere agendan apirilaren 6rako?

-6a larunbata da, eta 7a igandea... (irribarre egin du). Apirilaren 8an sindikatuaren Zuzendaritza Batzordearen asteroko bileran izango naiz. Kongresua baloratuko dugu bertan, baita lanari ekin ere. Erronka ugari ditugu epe laburrera: negoziazio kolektiboa, prekarietateari aurre egitea, gure estrategia berritu eta hobetzea, agenda soziala finkatzea... Hau aurrera doa.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.