2020-03-28 13:54
ELAk Mercedesen lortutako akordioa modu positiboan baloratzen du, krisi honen hasieran langileek definitu zituzten lehentasunak betetzen dituelako: langileriaren osasunaren zaintza eta babesa. Akordioak, gainera, lan baldintzak hobetzen ditu.

Enpresa batzordeak, egoeraz jabeturik, bere ekintzekin zuzendaritzari neurriak hartzera behartu zuen. Ez gara engainatuko, enpresak ez zituen neurri horiek hartu behar. Gure mezua argia zen: langileen osasuna lehentasun bakarra zen, eta ondorioz, Gasteiz osoarena. Banakotasunaren gainetik kolektibotasuna.

Gertatutakoaren memoria egitea ezinbestekoa dela deritzogu. Gertatutakoaren perspektiba beharrezkoa da. Lehenik eta behin, osasuna babesteko neurrien faltagatik, batzordeak planto egin zuenean. Bigarrenik, azken aste honetan enpresa eta alde sozialaren artean kateatu diren hiru bilerak. Ez dugu kontakizunaren manipulaziorik onartuko; Mercedes-Benz enpresarentzat bere ia 5000 langileen osasunaren babesa ez da inoiz lehentasuna izan, eta egoera honetara iritsi baldin bagara langileriaren konpromiso, borroka eta elkartasunagatik izan da. ELAtik borroka sindikal antolatu baten aldarria egin nahi dugu. Denok batera indartsuagoak gara, eta zein koiunturan kokatzen garen ez du axola horretan.

Gaur begien aurrean dugun akordioa, enpresak bere borondate onaren isla dela saldu nahi digu. Badakigu hori ez dela horrela. Eskaintza hau enpresaren estrategia funtzionatzen ez duenean iristen da. Zuzendaritzak eskutitz baten bitartez horretan saiatzen da, baina beldurraren estrategia eta presio mediatikoa ez du eraginik izan. Konfiantza langileek irabazten dute haien egunerokotasuneko esfortzuan. Orain, gainera, osasun kolektiboaren aldeko borroka ere batu dugu. Lerro hauetatik gure erabateko errekonozimendua.

Modu berean, instituzioen eta, Estatuko zein Euskal Gobernuen jarrera salatu nahi dugu. Langileak babesgabetasunera kondenatu dituzte. Egoera honek arduradun argiak ditu. Mercedesen dinamika hori aldatzea lortu dugu indar korrelazio zehatz baten eraginez, tamalez, leku guztietan hori ez da berdin ematen. Badira enpresa asko berdin funtzionatzen ari direnak, ezer gertatu ez balitz bezala, osasunaren babesean neurririk jarri gabe. Gizarte moduan sufritzen ari garen egoera hau Euskal Herriko langile klaseak ez du ahaztuko.

ELAk, egunez egun, funtsezkoa ez den lan aktibitate osoa eteteko borrokan jarraituko du. Kapitalaren eta osasunaren dikotomia honetan, oso argi dugu: bizitza da lehena.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.