2018-03-12 12:47

Martxoaren lehen astean, LAB, CCOO eta UGTk Sukalde eta Garbiketan, eta LABek Haurreskoletan akordioak sinatu zituzten Jaurlaritza eta Partzuergoko zuzendaritzarekin. Aldi berean, Heziketa Bereziko bileran Jaurlaritzak mahai gainean jarritako proposamenari beren adostasuna eman zioten LABek eta CCOOek, gaur proposamen hori sinatzeko mahaia deitu duelarik Jaurlaritzak.

Irakasleei dagokienez, urtarrilaren 26an izan genuen azken negoziazio-mahaia abenduko proposamena baloratzeko. Proposamen hura erabat eskas bezala baloratu genuen sindikatuok, eta Hezkuntza sailak otsailak 14rako mahai berri bat deitzeko konpromisoa hartu zuen arren, gaur egun mahai deialdirik gabe eta inolako proposamen gehigarririk gabe jarraitzen dugu.

Bost greba egun eta mobilizazio ugariren ondoren, hezkuntza publikoko sektore bakoitzak pairatzen dituen murrizketak eta gure aldarrikapenak lehenengo mailan jartzeko gai izan gara. Halere, irakasleetan mahairik ere ez du deitu Jaurlaritzak urtarriletik, eta kasuan kasu, LAB, CCOO eta UGTk sinatutako akordioek ez dute abenduko proposamenekiko aurrerapausurik suposatzen; ez diete sektore hauetako egoera larrienei erantzuten eta azken urteetan aplikatutako murrizketak mantentzen dituzte.

ELAk balio handia ematen dio langileek orain arte eginiko borrokari. Borroka horren ondorio izan da mahaiak desblokeatu izana eta Eusko Jaurlaritza mugitzen hastera behartzea. ELAren ustez, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da greba eta mobilizazioei jarraipena ematea, mobilizazioei eusteko gai bagara, gobernua proposamen berri eta hobeak mahai gainean jartzera behartuko baitugu. Honegatik guztiagatik, ELArentzat garrantzia berezia hartzen dute martxoaren 14 eta 15 greba egunek. Eta hezkuntzako sektore denetako langileei dei egiten die grebetan eta antolatuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.