2020-03-10 13:28
Otsailaren 6tik, Zaldibarko zabortegia behera etorri zenetik, bi langile ditugu desagertuta. Arduradunek istripua deitu arren, Verter Reciclingek egindako kudeaketa negargarri eta iruzurtiaren, Eusko Jaurlaritzaren kontrol faltaren eta ekoizpen eta kontsumo ereduari buruzko hausnarketa faltaren ondorio izan da gertatutakoa. ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxaldek herri plataformek martxoaren 5ean publiko egindako mobilizazio eta lanuzterako deia babesten dute, eta langileei dei egiten die martxoaren 12rako deitutako mobilizazioekin bat egitera.

Sindikatuen agiria:

Zaldibarren edozein hondakin mota isurtzen zen, inolako kontrol eta tratamendu egokirik gabe. Zabortegi horrek ez du baimenik isuritako hondakin arriskutsu askorentzat. Amiantoarekin hondakinak jaso zitzakeen, baina aurretik eskatutako tratamendurik gabe egiten zuten, eta langileek ez zeukaten horretarako tresneria egokirik.


Hondakinak mendi-mazelan pilatzen ziren, finkatze lanik egin gabe. Mendi-mazelan pitzadurak zeuden, berehalako arriskua adierazten zutenak, eta aurretik lur-jausiak izan dira, baina ez dira jakinarazi. Eta azkenean langileek jada salatzen zutena gertatu da.


Eusko Jaurlaritza da instalazio kutsatzaile eta arriskutsu baten gaineko kontrol zorrotza eramateko betebeharra duena, zabortegi bat den aldetik, eta beste alde batera begiratu du. Zaldibarren egindako azken ingurumen ikuskapenean 23 hutsegite atzeman zituzten, baina ez zen nahikoa izan espedientea ireki eta enpresa zigortzeko. Kontrol zorrotz bat balego, ez zen hau guztia gertatuko.


Baina Eusko Jaurlaritzaren ardura ez da hemen amaitzen. Eraitsi eta gero, A8 autobidea irekitzea izan zen lehentasuna. Errepidea ireki arte lanean ari ziren pertsonei ez zitzaien abisatu han amiantoa zegoela eta segurtasun neurri bereziak hartu behar zituztela. Ezer gutxi axola izan zitzaion Eusko Jaurlaritzari han lan egiten zuten pertsonen osasuna. Inguruko udalerrietan bizi diren pertsonen osasuna ere ez da asko axola izan. Informazioa eskatzen zutenean alarma piztu nahi izatea leporatzen zieten agintariek. Futbol partida izan zen inflexio puntua. Izango da Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsuagoa dela futbola pertsonen osasuna baino. Airearen neurketen lehen emaitzak oso berandu eman ziren, eta erakutsi zuten kezka ez zela alarmismoa, herritarrak dioxinak eta furanoak arnasten ari zirela.


Eusko Jaurlaritza ez da inoiz arduratu langileen osasunaz. Kirola ez egiteko argibideak ematen zituen edo etxeetako leihoak ixteko gomendatzen zuen, eta Eibar, Ermua, Elgeta, Zaldibar eta Mallabiko langileen osasuna zaintzeko gomendiorik ere ez du eman. Ezin da kirolik egin ordu eta erdiz, baina ez dago inolako arazorik lan egiteko, nahiz eta fisikoki jarduera zorrotzak izan. Horiek dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.