2019-03-08 07:03
Mugimendu feministak 24 orduko greba feminista deitu du Martxoaren 8rako; ELAk deialdian parte hartzen du eta egun osoan zehar greba feminista eta mobilizazio honen inguruko jarraipen zabala egingo du.

 Biztanleriaren erdiari zuzendutako greba orokor deialdia da; greba berritzailea, enplegu formalaz gain bizitzaren jasangarritasuna bermatzeko ezinbestekoak diren beste hainbat alorrei ere eragiten dielako deialdiak: zaintza, kontsumoa, ikasleak eta pentsiodunak.

Hamaika dira egunean zehar Euskal Herri osoko hiri, herri eta auzoetan deitutako mobilizazioak; hiriburuetan manifestazio nagusiak 12:00etan eta 19:00tan izango dira. (Donostian 12:00tan Boulevardean eta 19:00tan Antiguoko tunelean; Iruñean 12:00 Gaztelu Plazan eta 19:00tan Golem Zinemetan; Gasteizen 12:00tan Plaza Berria eta 19:00tan Iparralde G.E.-n; Baionan 12:00tan Merkatu Plazan eta 19:00tan Errepublika Plazan; Bilbon 12:00tan zein 19:00tan Jesusen Bihotzean).

ELAren ekarpena

Asko dira lan munduan greba feminista honekin bat egin duten emakumeak. Izan ere, ezinbestekoa da sindikatuaren eta mugimendu feministaren arteko elkarlana. Greba deialdi hor behar horren lekuko argia da. Borroka guztiak elkar-lotuta joan behar dute; ez dago klase borrokarik emakume librerik gabe.

Ez da kasualitatea emakumeak izatea lan-munduan gero eta zabalduago dagoen prekarietatea eta soldata-arrakala gehien sufritzen dutenak. Makina bat adibide ditugu azken hilabeteetan: Gipuzkoako zahar-egoitzak; Haurreskolen Partzuergoa; Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua; hoteletako garbitzaileak; Gipuzkoako polizia-etxea eta epaitegietako garbikuntza... Martxoak 8 honetan ere greba egingo duten emakumeak; orain arte makina bat greba egun egin dituzten langileak.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.