2020-06-12 11:29
ELAren ustez, oso larria da Aldundiak eguneko zentroak irekitzeko aukera ematea, Aldundiak berak aldebakarrez egin duen Errealitate Berrira Egokitzeko Plana bete gabe dagoenean, hau da, aurretiaz PCR testak egin gabe daudenean. Langileak eta erabiltzaileak berriz ere arriskuan jartzea leporatu diote Olanori.

ELAk “arduragabekeriaz eta inkoherentziaz” jokatzea leporatu dio Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori, eguneko zentroak irekitzea baimendu duelako, aurretiaz PCR testak egin gabe, langileen eta erabiltzaileen osasuna arrisku larrian jarriz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako kontzentrazioan, sektore honen gaineko ardura behingoz hartzea eskatu diote Olanori, eta “pandemian euren osasuna arriskuan jarri duten profesionalen lanari balioa ematea exijitu diote, behingoz lan-baldintza duinak eskainiz”. Maiatzaren 5ean Olanori bilera-eskaera egin ziotela gogorarazi dute, eta oraindik ere ez dutela erantzunik jaso. “Aukera ona litzateke erresidentzien ereduari buruz hitz egiteko eta, batez ere, hiru urte baino gehiagoko gatazkari amaiera emango dion hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko”.

Duela gutxi, Markel Olanok Gipuzkoako egoitzen eredua defendatu du publikoki. Bere esanetan, eredu horrek funtzionatu egin du COVIDaren krisiaren aurrean eta ez dago alternatiba hoberik. Horrez gain, behin eta berriro errepikatu du zuhurtzia osoz jokatu beharra dagoela.

Bada, ELAk uste du guztiz inkoherentea dela zuhurtziaz hitz egitea eta, aldi berean, eguneko zentroak erabiltzaileentzako berme nahikorik gabe ireki ahal izatea. “Berme nahikorik ez dagoela ez da ELAren iritzia, Aldundiak errealitate berrira egokitzeko egindako planak berak hala dio, bertan zehazten baita eguneko zentroak ireki aurretik PCR testak egin behar direla eta emaitza negatiboak egon behar direla”. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Zentro asko ireki dira testak egin gabe eta beste batzuek, ordea, ez dituzte ateak ireki arrazoi beragatik. Beraz, ELAk galdera zuzena helarazi du: “Zuhurtasuna nola aplikatzen da, zentroaren arabera? Edo lehen eta bigarren mailako erabiltzaileak daude diputatu nagusiak hainbeste defendatzen duen eredu honetan?”.

ELAk dio azalpena argia dela. “Hau gertatzen da zahar egoitzetan gertatzen den bezala, eguneko zentroak etekinak lehenesten dituzten enpresen esku uzten direlako”.

Gauzak horrela, sindikatuak galdera zuzena egin dio diputatu nagusiari.“Markel Olano: Gipuzkoan koronabirusagatik gertatu diren heriotzen %60 erresidentzietan erregistratu da, beraz, benetan diozu erresidentzien eredu horrek ondo funtzionatu duela ? Domus vi, Clece, Biharko, Eulen, Sanitas eta Caser enpresak dira irabazi asmorik ez dutenak? Funts putreen multinazionalen edo zerbitzu anitzeko enpresen aldeko apustua egitea al da Aldundiaren eredua?”

ELAk gogor gaitzetsi nahi du diputatuak egoitzek pandemiari eta ELAren salaketei aurre egin behar izan dietela esan izana, adierazpen horiekin osasun-krisia eta ELAko langile batzuek egindako salaketa legitimo batzuk plano berean jarri direla argudiatuta. “Ez da ahaztu behar krisialdi honetan zaintza bermatzeko euren bizitza ere arriskuan jarri dutenak langileak izan direla, eta salaketa sartu behar izan zutela enpresa eta aldundiak bakarrik utzi zituztelako”.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.