2020-02-14 11:59
214 greba eguneko langa gaindituta, Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek gezurretan aritzea leporatu diote Markel Olano Ahaldun Nagusiari Diputazio aurrean egindako elkarretaratzean. M8ko atarian zuriketa morea egin nahi izatea leporatu diote, benetako berdintasun politikak egiteari muzin egiten dion bitartean.

Grebalariek gogora ekarri dituzte Markel Olanok kongresu feminista batean berriki egindako adierazpenak. “Aldundiak berdintasun politiken aldeko apustua egiten du, ekonomia zaintza eta indarkeria matxistaren kontrako borroka ardatz izanik”, baieztatu zuen orduan Diputatuak. Bada, grebalariek gogor salatu dute halako adierazpenak egiten dituen bitartean, langileen oinarrizko aldarrikapenei bizkarra ematea. “Olanok 86.078,72 euro jasoko ditu 2020an, alegia, iaz baino 6.000 euro gehiago, %8 gehiago. Erresidentzietako langileon eskaerak, ordea, onartezinak direla dio, ez direlako ekonomiko sostengarriak sistemarentzat”.

Langileen eskariak onartzeak sistema itota utziko lukeela esan du Olanok irratian egindako elkarrizketa batean. Kritiko agertu dira langileak halako baieztapenekin. “Ez dago dirurik zaintzaileen lan baldintzak hobetu eta zaintza hobea bermatzeko, baina badago Ahaldun Nagusiak soldata igotzeko?”, galdetu diote.

Itota langileak daudela ere gogorarazi diote. “Badakizu zer den benetan itogarria, Olano Jauna? Egunero lanera joanda ere plantillaren herena baino gehiago mileriusta izatera ere heldu ezinik bizitzea, edota pertsona bat altxatu, garbitu, jantzi eta pixoihalak 15 minutuan aldatu behar izatea. Itogarria da gauean erresidentzia askotan 2 laguntzaile baino ez egotea 140 pertsona atenditzeko. Defendaezina da, Diputatu jauna, emakume izate hutsagatik %30eko soldata-arrakala sufritzea, edo garbiago esanda, 6.000 euro gutxiago kobratzea”.

Grebalariek azpimarratu dute itolarrian daudenak langileak eta egoiliarrak direla.

“Itogarria da zaintza sistema emakumeen prekaritatean oinarritzea, zaintza pribatizatzea gutxi batzuk aberastu daitezen. Ez dezagun ahaztu enpresa hauek gero eta etekin handiagoak dituztela gu gero eta prekarioagoak garen bitartean. Zuen sostengarritasuna gure itolarrian oinarritzen da. Eta ez bakarrik emakumeon itolarrian, baita pertsona helduen ongizate faltan ere. Borroka hau denon zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko ere badelako”.

Zuriketa gutxiago, berdintasun erreal gehiago

M8ren atarian, marketing feministaz haratago benetako politika feministak egitea exijitu diete arduradun politikoei. Gipuzkoako erresidentzietan gertatzen ari dena, patronalen erantzukizuna ez ezik, Aldundiarena ere badela gogorarazi dute, sektorearen %90 finantzatzen baitu azken horrek, beraz, “erresidentzietako langile eta egoiliarren ongizatearen erantzule zuzena da: ratio itogarriak, soldata baxuak, kalitate asistentzial txarra (dutxa astean behin bakarrik, jatekoa zorrotz neurtuta)...

Nahi izanez gero, egoera hau irauli dezakeela azpimarratu dute.

Ikusi Eskuorria

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.