2018-07-12 09:11

Honako artikulua ALDA aldizkarian publikatu da.

Marian Oleaga administrari laguntzailea da. 53 urte ditu eta Gasteizen bizi da. Urte luzez aritu da zeregin horretan Osakidetzan, Arabako zentro ezberdinetan. 1999an sinatu zuen bere lehen kontratua: egun baterako, bi egunetarako, ordu batzuetarako... “Seme-alaba txikiak nituen, eta senarrak errelebotan egiten zuen lan. Bezperan deitu eta hurrengo egunean ordu gutxi batzuetarako hona edo hara joan behar nuela esaten zidaten. Beti telefonoaren zain, urteko edozein egunetan. Horrela ezinezkoa zitzaigun etxean antolatzea”.

Horrelako egoeratan lanean aritzea oso gogorra dela aipatzen du. “Zure zereginak zeintzuk izango diren jabetzen zarenerako agur esan behar duzu”.

Urteen poderioz kontratu luzeagoak sinatuz joan zen, hori bai, egonkortasunik lortu gabe. “Lana beti ahalik eta hobekien egin dut, dena eman dut. Osakidetzako administrari laguntzaileen artean behin-behinekotasuna oso altua da, eta nire lana egitekoez gain beti saiatu naiz behin-behineko langileak laguntzen, oso zaila delako egun batean heldu eta hurrengoan joatea”.

Duela urte batzuk osasun arazo larria izan zuen Marianek. Bajan egon zen denbora horretan bere postuak perfilatu egin ziren. “Osatu nintzenean gutxiago deitzen ninduten; nire gain hartu behar izan ditut hizkuntza perfila ateratzeko ikastaroak, akademiak... Dena nire kontu. Lotsagarria da Osakidetzak perfila ateratzeko inoiz lagundu ez izana. Dena gure gain hartu behar dugu, administrazioak ez gaitu ezertarako laguntzen”.

Hainbat oposaketa prozesuetara aurkeztu da. “Adinean aurrera noala gero eta gehiago kostatzen da oposaketak prestatzea. Azken oposaketak senarrak garunean izandako isuritik osatzen ari zela prestatu nituen; orain, azterketa ekainaren 16an izan zen, aita zaintzen prestatu ditut. Osasunez oso gaizki zegoen eta ekainaren 9an hil zen. Nik neuk ere osasun arazo larria izan dut... Adinean aurrera goaz nire belaunaldikoak, eta ingurua zaintzeaz gain gero eta gaitasun gutxiago dugu ikasteko”.

Sektore feminizatua da administrari laguntzaileena. Hori gakoa dela uste du Marianek. “Gizonezkoak bagina egoera ezberdina izango zen. Gure lana ez dago baloratua Osakidetzan. Dirua aurrezteko eta langileak otzan mantentzeko egiten dute dena. Ez du beste azalpenik, kudeaketa negargarria da Osakidetzan”.

ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.