2022-05-13 11:23
Ehungintzako CECOBI eta Bizkaidendak patronalak sindikatuekin bilduko dira maiatzaren 20an. Merkataritza orokorra eta larrugintza eta oinetakoak arlokoek ez dute oraingoz hitzordurik

 

Ehungintzako, orokorreko eta larrugintzako eta oinetakogintzako langileak arrakastaz itzuli dira kalera gaur, lan baldintza duinak eskatzeko eta sektorearen erronkei, digitalizazioari nola, aurre egiteko benetako negoziazioa eskatzeko. Hori dela eta, ELAk eta LABek deitutako greba egun honetan, langileek manifestazioa egin dute Bilbon, Arriagatik CEBEKen egoitzaraino, eta bertan eserialdia egin dute.

Negoziazioak duela hiru urte hasi ziren, eta mobilizazioak mobilizazio, blokeatuta jarraitzen dute. Izan ere, patronalak hiru urtean eta atzerapenik gabe 20 euroko soldata igoera besterik ez du proposatzen, baita bajak 16. egunera arte osatzeari uztea edo antzinatasunak kentzea ere. Larunbat arratsaldeak lanaldian ere sartu nahi ditu, besteak beste. Hori guztia erosahalmenaren galera onartezinarekin eta digitalizazioak dakartzan erronkei aurre egin gabe, besteak beste.

Horregatik, hitzarmenen blokeoaren aurrean, ELAk eta LABek grebara jotzea erabaki dute. Oraingoz, CECOBI patronalak, Bizkaidendakekin batera, ehungintzako merkataritza mahaia deitu du maiatzaren 20rako. Hori ez da merkataritza orokorreko eta larruzko eta oinetakoen merkataritzako patronalen kasua, hitzordurik gabe jarraitzen baitute.

Aurrerapenik ez badago, langileek mobilizatzen jarraituko dute eskubideak ez galtzeko eta baldintza duinen alde borrokatzeko. Ez dute urratsik atzera egingo patronalek atzerapauso guztiak mahai gainetik kendu arte.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.