2019-05-01 13:37
ELAk 2.000 laguentik gora lagun bildu egin ditu Iruñeko kaleetan Maiatzaren Lehena ospatzeko, 'Bizitza da lehena. Nuestras vidas frente al capital' lelopean. Manifestazioa Gurutze Plazatik abiatu da eta Udal Plazan bukatu da, Iruñeko erdigunea zeharkatu ondoren. Bukatutakoan, Imanol Pascualek (ELA-Nafarroako koordinatzailea) eta Maria Baldak (eskualdeko arduraduna) hitza hartu dute sindikatuaren aldarrikapenak azpimarratzeko. Beste ideia askoren artean, ELAk indartu egin du bere nortasun kolektiboa, kontrabotere bezala.

Jarraian, Imanol Pascualek eta Maria Baldaren hitzaldiaren eduki osoa:

 

1. ESKUIN MUTURRAREN AURKA, NORTASUN KOLEKTIBOA ETA KLASE-ELKARTASUNA

Aurtengo Maiatzaren 1ean, xenofobiaren, arrazismoaren eta faxismoaren aurka egin nahi du garrasi ELAk. Izan ere, irabazi-tasa handitzea beste kezkarik ez du kapitalismoak; bost axola gainerako guztia. Ultraeskuina dugu kapitalismoaren aurpegirik basatiena, eta enfrentamendu horizontala sustatzen du, arrazismoaren, matxismoaren eta LGTBfobiaren bidez, eliteen, bankuen eta multinazionalen aurkako enfrentamendu horizontalaren ordez.

Eskuin muturra du gidari pobreak pobreen aurka borrokatzera behartzen dituen gerrak. Europar Batasuneko herrialde askotan, agintzen ari da jada; hemen, berriz, ez da agintera iritsi, baina politika baldintzatzen hasia da dagoeneko. Nola lortzen duen hori guztia eskuin muturrak? Bada eskuin klasikoak elikatuta, eta sozialdemokraziak ateak zabalduta, politika neoliberalak imitatzearen poderioz etengabe ari baita galtzen erreferentzia sozialak eta ezkerrekoak.

Historiak erakutsi digunez, eskuin muturrak agenda politikoa menderatzea lortzen badu, jenderik apalenaren babesa eskuratu duen seinale izaten da, gure jendearena alegia. Bai, lagunok: gaurko gizartean, nonahi azaldu ohi dira jarrera xenofoboak, baita langileen artean eta sindikatuetan ere.

Gure etsaiak ez dira migratzaileak: armak saltzen dituztenak dira gure etsaiak, Bardeetako tiro-poligonoa bonbaz betetzen dutenak, bertako langileoi eta atzerritarrei doitze-politikak aplikatzen dizkietenak.

Xenofobia, arrazismoa eta faxismoa menderatzeko, aurre egin behar zaie; bestela, aurrera egiten dute. Horregatik, bat egiten du gure sindikatuak maiatzaren 4an eta 5ean Iruñeko eta Durango kaleetan egitekoa den “Herrien besarkada” ekimenarekin eta gisa bereko beste batzuekin. Gaur egun, inoiz baino gehiago, ozenki aldarrikatu behar dugu emakume eta gizon antifaxista haien oihua: EZ DUTE AURRERA EGINGO!! NO PASARÁN!!

 

2. NAFARROAKO GOBERNUA: LEGEALDIAREN BALANTZEA

2.1. Kontrabotereko sindikalismoaren indarra

Lau urte igaro dira jada UPN eta PSN agintetik bota genituenetik. Ez dugu ahantziko garaipen hori; harro gaude Nafarroako Jauregitik “erregimeneko” jendea bota izanaz, eta ilusio handiz ekin diogu garai berriari.

 Ez dira, ez, “bertan gozo” egotekoak izan ELArentzat azken lau urteak. Izan ere, legealdiaren hasieratik zabaldu zen ideia hau: Nafarroako Gobernua kritikatzen duena eskuinaren alde ari da. Baina ez da egia. Alderantziz baizik. ELAren iritziz, hau da bermerik onena aldaketak iraun dezan: benetan aldatzea gauzak. Ala isilik egotea da aldaketari egiten diogun ekarpena? Aldarrikapenak urardotzea eta gizarte-mobilizazioa bertan behera uztea, agian? Hori ez da aldaketaren alde egitea. Hori egin izan bagenu, zenbait gizarte- eta lan-eskubide indartzeko aukera galduko genukeen eta, gainera, bidea libre utziko geniokeen erregimenari lobby bakar gisara jarduteko.

Horregatik, oso aberasgarriak izan dira ELArentzat azken lau urteak. Uste dugu sindikatu hobea garela gaur egun, eta hobeto prestatuta gaudela benetan behar duen jendeari antolatzen laguntzeko. Beti aldarrikatu izan dugu kontrabotere-sindikatua garela, baina horretarako aukera dagoenean frogatzen dira gauzak. Eta azken lau urteotan egon da aukerarik. Beste sindikatu batzuek ez bezala, ELAk ez du “eduki-merkealdirik” egin, ez du mobilizazio soziala alde batera utzi. Bi faktore hauek izan dira erabakigarriak jarrera horri eusteko: gure autonomia politikoa eta gure independentzia ekonomikoa.

Gainera, legitimotasun hirukoitza du gure sindikatuak aldaketaren gobernuarekin zorrotz jarduteko:

1. Erregimenaren jazarpena gehien jasan duen erakundeetako bat da gurea. Gogoan izan “zerrenda beltzak” egitera ere iritsi zirela zenbait enpresatan gure jendea kalera botatzeko.

2. Murrizketen eta ustelkeriaren aurkako mobilizazioen bultzatzaile nagusietakoak izan gara. Ez dezagun ahantzi mobilizazio horiei esker gelditu zela jende hori Nafarroako Jauregitik kanpo.

3. Eta hirugarren faktorea, berriz, hau da: inoiz baino babes handiagoa ematen digute Nafarroako langileek. Nafarroan sekula izan dugun ordezkaritza handiena dugu gaur egun, % 23. 2010ean, UGTk guk baino 10 puntu gehiago zituen; orain, berriz, bi puntu besterik ez zaizkigu falta Nafarroako lehen sindikatua izateko. Jakina, zuei eta zuen lanari esker lortu dugu hori, sindikatuaren alde gogor lan egiten duzuenoi esker. Ondo asko dakigu bi gauzaren bila etortzen dela jendea guregana: zintzotasuna, eta ekiteko gogoa eta gaitasuna.

Legitimotasun hirukoitz hori oinarri dugula aitortzen dizkiogu gobernu honi ongi egin dituten gauzak, eta kritikatzen dizkiogu egin ez dituenak. Zilegitasuna dugu hori egiteko, eta ziur gara gure aldarrikapenak onak direla premia handiena duen jendearentzat.

2.2. Aldatu diren gauzak

Noski, zenbait gauza aldatu egin dira eta, gainera, gure sindikatuari garrantzizkoak eta premiazkoak iruditzen zaizkion alorretan.

Lehenik eta behin, normalizatu egin da Nafarroako nortasun-aniztasunaren aitortza.

Bestalde, biktima guztiak hartu dira aintzat, tartean direla polizia-indarrek eta eskuin muturrak eragindakoak; esate baterako, Mikel Zabalza, ELAko afiliatua eta Guardia Zibilak ankerki eraila.

Berreskuratu egin da 1936ko estatu-kolpe militarraren ondoren Nafarroan eraildako 3.000 lagunen memoria historikoa. Eta hemen gaudela aprobetxatuz, hau eskatzen diogu Iruñeko Udalari: eraitsi dezala Erorien Monumentua, hori bailitzateke modurik onena frankismoaren biktimak errespetatzeko eta omentzeko.

Aurrera egin da euskarari dagokionez ere.

Eta zenbait lege garrantzitsu onartu dira Legebiltzarrean; besteak beste, Hondakinei buruzkoa, Berdintasun Legea eta LGTBI Legea. Langileontzat positiboak diren bi lege ere onartu dira, gure sindikatuaren esku-hartze erabakigarria tarteko:

1. Tokiko Maparen Erreforma, non, azkenik, enplegua ere ziurtatzen baita, tramitazioaren azken unera arte borrokatu baitzen zen ELA berme horren alde. Gurea izan zen eskari horri eutsi zion sindikatu bakarra.

2. Eta Kontratu Publikoen Legea, sekula lortuko ez zena 2014an 14.635 sinadura aurkeztu izan ez bagenitu Herri Ekimen Legegile bat bultzatzeko.

Legealdi honek beste honetarako ere balio izan du: UGTk eta CCOek jasotzen zuten gainfinantziazioa bertan behera uzteko. Izan ere, 170 lagunen soldatak ordaintzen zituzten bi sindikatu horiek diru publikoz. Bestalde, gobernu honek geldiarazi egin du sindikalismo aldarrikatzailearen aurkako jazarpen-politika, eta bidezkoa da hala egin duela aitortzea.

2.3. Aldatu ez diren gauzak

Baina beste alor batzuetan aldaketa ez da inondik ere nahikoa izan, eta aukera bikaina galdu da legealdi honetan.

Ekonomiari dagokionez, aldaketarekin bat ez datozen hiru erabaki hartu ditu Nafarroako Gobernuak:

1. Estatuarekin adostu du defizita eta gastu-araua.

2. Superatibarekin amaitu ditu ekitaldiak: Politika ezin eskuindarragoa da hori. Izan ere, lotsagarria da hain harro agertzea Gobernua, “eskolako ikasle azkarrena” balitz bezala, hainbeste gizarte-premia asetzeke daudela eta Nafarroako 83.000 herritar pobrezia-egoeran bizi direla jakinik.

3. Zerga-egitura ez da apenas ukitu lau urteotan, eta EAJk Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen duenaren oso antzekoa da. Nafarroa da, Estatu osoan, enpresek zerga gutxien ordaintzen duten herrialdea, eta hala aitortu zuen Mikel Aranburuk Nafarroako Legebiltzarrean. Kontua da enpresek ez zutela zergarik ordaintzen UPN agintean zela..., eta orain ere ez dutela ordaintzen.

Egin beharreko beste zenbait gauza ere ez dira egin; adibidez:

Ez dira gelditu Abiadura Handiko Trenaren obrak. Lanak egiten dituzten enpresen ikuspegitik bakarrik uler daiteke trenbide hori egitea; bestela, ez dago modurik.

Nafarroako Gobernua ez da eredugarri jardun enplegu-emaile den alorretan. Ez dago onartzerik % 40koa izatea behin-behinekotasun tasa sektore publikoan eta solda-igoerek Kontsumorako Prezioen Indizea ere ez hartzea erreferentzia gisa.

Ez zaio ekin laneko istripuen arazoari. Azken 17 hilabeteotan, 24 langile hil dira lanean ari zirela, eta Nafarroako Gobernuaren erantzuna hau izan da: Laneko Osasunaren Nafarroako Kontseiluaren bidez 400.000 eurokoko finantziazioa ematea UGTri, CCOOri eta CEN erakundeari.

Legealdiko jokabiderik antidemokratikoenetako bat, berriz, hau izan da: Gobernuak ez uztea sinadurarik biltzen diru-sarrera bermatuaz eta etxebizitzaz Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko, aurrekontua handitu egin beharko litzatekeela arrazoituta. Ezin zaio horrelakorik onartu, inondik ere, aldaketaren aldekoa omen den gobernu honi.

Eta badago, azkenik, aldatu ez den beste gauza bat ere: itxurak egitea Estatuarekiko harremana aldebikoa dela. Ez dago inongo aldebikotasunik Estatuarekiko harremanetan, eta ikusi besterik ez dago zertan diren trafikoaren gaineko eskumenak edo Auzitegi Konstituzionalean inpugnatuta dauden Nafarroako 19 legeak.

 

3. HAUTESKUNDEAK ESTATU ESPAINIARREAN ETA NAFARROAN

3.1. Espainiako hauteskundeak

Espainian, ideia hau da nagusi: demokraziaren aurretik jarri behar da Espainiaren batasuna. Zoritxarrez, VOXetik PSOEra bitarteko guztiak datoz bat horretan. Geroz eta handiagoa da Espainiako ustelkeria-maila (Villarejo kasua dugu adibide egokia), bai eta indarkeriarena ere (politikari katalanek jasaten dutena, edo euskal presoek, sakabanaketa eta isolamendua pairatzen jarraitzen baitute, edo Herrirako kide izateagatik 47 auzipetuak, edo kartzelan bidegabeki 898 egun daramatzaten Altsasuko gazteek).

3.2. Nafarroako hauteskundeak

Oso garbi daukagu ELAko kideok ez dugula nahi “foru-korralitokoek” berriro agintzea, ez dugula nahi itzuli UPNk, PSNk, OPUSek, CENek, UGTek eta CCOOek agintzen zuten garaietara. Ondo aski dakigu noraino iristeko gai diren. ELAk ez du inoiz zalantzan jarri aldaketa behar zela eta jarraipena eman behar zaiola, baina bai aldaketa horren sakontasuna eta irismena.

Orain, berriz, Navarra Suma sortu dute, eta garbi erakutsi zer zegoen UPNren ustezko foruzaletasunaren azpian: politika antieuskalduna eta antisoziala, besterik ez. Eskuinaren asmakizun bat da, hauteskundeen ostean errazagoa izan dakion PSNri eskuinarekin itun bat sinatzea.

Egiten dutenagatik neurtu behar dira alderdi politikoak, ez esaten dutenagatik, eta are gutxiago PSN, esaten duenaren kontrakoa egiten baitu beti. Aldaketaren edo erregimenaren artean hautatu behar izan duenean, erregimenaren alde egin du beti PSNk. Eta ziur gara oraingoan ere gauza bera egingo duela. Nolanahi dela ere, ez dira bateragarriak PSN Nafarroako Gobernuan sartzea eta aldaketa sakonagoa, sozialagoa egitea.

Egoera ikusirik, argi dago ELAren jarrera: justizia soziala izan behar du helburu osatzen den edozein gobernuk. Bestalde, subiranotasun-maila handiagoa behar dugu gure geroa eraikitzeko. Horregatik, hau da gure konpromisoa: oinarri-oinarritik jorratzea subiranotasunaren eguneroko gaiak, aliantzak antolatuz mundu hobeago baten alde diharduten erakundeekin (Parlamentu Soziala, Goiener, Fiare, Bizi, ATTAC...), gure ekarpen hoberena eginez, hau da, langileak antolatuz.

 

4. HELBURUA: ETSITZEN EZ DUEN JENDEA ANTOLATZEA

4.1. Mobilizazio feminista

Beste behin ere, mobilizazio historikoa izan da martxoaren 8koa, eta lau izan dira aldarrikapen nagusiak:

1. Lan-mota guztiak aintzat hartzea, ez bakarrik ordainpekoak.

2. Sistema matxista hau aldatzea, emakumeek pairatzen duten egiturazko desberdintasunean oinarritzen baita.

3. Erakundeei exijitzea irmoki jardun daitezela berdintasunaren alde, hipokrisiarik gabe. Aspertuta gaude emakumeok erakunde publikoak berdintasun-aldarrikapen formalak egiten entzuteaz alde batetik, eta haien politikek genero-desberdintasuna nola areagotzen duten ikusteaz, bestetik.

4. Gaitzestea emakumeak hiltzen jarraitzen duen indarkeria matxista.

Zalantzarik gabe, konpromiso sendoa du ELAk eskari horiekin, erakundearen barruan zein kanpoan. Asko zor dio sindikalismoak mugimendu feministari.

4.2. Pentsiodunen borroka

Lehenik eta behin, gogora dezagun bi greba orokor deitu ditugula jada pentsioen erreformaren aurka, horietako bat UGTk eta CCOOek Zapaterorekin hau hitzartu zuten egun berean: erretiro-adina 67 urtera arte atzeratzea.

Pentsiodunen artean, berriz, belaunaldien arteko klase-elkartasuna aldarrikatzen duten mezuak izan dira pozgarrienak, beste borroka batzuen osagarri modura ikusten baitute eurena.

4.3. Borroka sindikalak

UGT eta CCOOrekiko aldeak.

Sarritan galdetzen digute zerk bereizten gaituen UGT eta CCOOetik. Hiru elementu hauek bereizten gaituztela esango nuke nik:

1. Elkarrizketa soziala: Lau urte igaro diren arren, Nafarroako Gobernuari erreguka jarraitzen dute, Elkarrizketa Sozialera itzul dadin; hau da, diru publikoa jaso nahi dute berriro ere. Ezkerraren ikuspegitik, dramatikoa da UGTren eta CCOOren ibilbide historikoa: garai batean zer izan ziren ikusi, eta gaur egun diru publikoaren eske...

2. Klientelismoa: Gaur egun, UGTko edo CCOOeko karneta behar da Nafarroako enpresa nagusietako batzuetan kontratatua izateko.

3. Eta, batez ere, negoziazio kolektiboaren gaiak bereizten gaitu.

Izan ere, sindikatuon lehenbiziko eginkizuna jendeari egia azaltzea da. Azkeneko lan-erreformek enpresei eman diete botere guztia. Eta sindikatuok bakarrik ez gara gai lan-baldintzak hobetzeko; langileek eurek ekin behar diote horri, eta lantokietan antolatzen hasi. Baina UGTk eta CCOOk ez dute inondik ere egia esaten, lan-erreformak onartu ez balituzte bezala jarduten direnean, edo hau diotenean: beren lan-harremanetarako akordioari esker Nafarroako patronala prest dagoela 14.000 langileri soldatak igotzeko eta lan-erreformaren aplikazioari uko egiteko.

Bigarren eginkizuna, negoziazio kolektiboari dagokionez, hau da: ez erabiltzea jendea pobretzeko. Estatalizazioaren alde egiteak lan gehiago egitea eta gutxiago kobratzea dakar berekin, eta batez ere emakumeei egiten die kalte. Lanbide arteko hitzarmen bat adostea proposatu genien UGTri eta CCOOri, lehentasuna emateko Nafarroako hitzarmenei, hau da, Nafarroako langileok erabakitzeko gure lan-kondizioak, baina uko egin zioten gure eskaintzari.

ELAren ekarpena

ELAk, aldiz, langileon lan-baldintzak hobetzeko erabiltzen du negoziazio kolektiboa: hitzarmen onak sinatzen ditu bai sektoreetan bai enpresetan; KPItik gorako soldata-igoerak lortzen ditu eta, batez ere, hitzarmenak betearazteko bermeak ezartzen, lan-erreformak neutralizatzeko klausulak gehituz.

Gure azken biltzarrean, prekarietatearen aurkako borroka jarri genuen sindikatuaren lehentasun nagusi gisa  Testuinguru horretan, non patronalak nahi adina erreforma dituen bere alde, badago garaipenak lortzeko funtsezko elementu bat: greba.

Lau adibide aipatuko ditut Maiatzaren Lehen honetan: Icer Rail, Portland, Defontaine Ibérica eta Navarpluma:

1. Icer Railen, enpresaren aurka ez ezik UGTren kontra ere jardun behar izan dugu, enpresarekin bat egin baitu sindikatu horrek. Hain zen txarra UGTren zuzendaritzak enpresarekin adostutako hitzarmena ezen sindikatu horretako ordezkariek ere uko egin zioten sinatzeari. Otsailaren 16tik ari gara lanuzteak egiten enpresa horretan, eta borrokan jarraituko dugu helburuak lortu arte.

2. Sakanako Portland enpresa: Hainbat urte igaro ondoren, berriro lortu dugu ordezkari gehienak gure sindikatukoak izatea enpresa horretan. Dagoeneko bi greba-egun egin ditugu, eta jarraitu egingo dugu, harik eta enpresa ohartu arte gauzak aldatu egin direla eta oraingo enpresa-batzordea ez dela menderaerraza.

3. Vianako Defontaine Ibérican greba mugagabea ari dira egiten apirilaren 17tik, enpresa-hitzarmena hobetzea helburu dutela. Hiru ordezkari ditu ELAk enpresa horretan.

4. Navarpluma: Hiru ordezkari ditu ELAk lantegi horretan, non 38 langilek greba mugagabeari ekin zioten. Berrogeita bat egun iraun zuen grebak. Hainbat herrialdetako langileak ditu enpresa horrek, baina denak jabetu ziren bazutela interes komun bat, enpresariaren interesen aurkakoa hain justu ere. Ondo jabetu ziren, nonbait, zeren eta 41 eguneko grebaren ondoren enpresako lehen hitzarmena lortu baitzuten: % 10eko soldata-igoera, 24 orduko lanaldi-murrizketa eta, gainera, lan-erreforma indargabetzea (aurrerako eragina, blindajeak eta abar). Gatazka hori gertutik jarraitzeko zortea izan dut, eta gauza bat azpimarratu nahi nuke: 38 grebalarien gizatasuna. Jende zintzoa dira, eta irabazi egin dute. Ondo merezita, gainera.

Horrelako gatazkak —eta etorriko direnak— irabazteko, baina, ezinbestekoa da erresistentzia-kutxa, afiliatu guztien elkartasunari esker ELAk soilik baliatzen duen tresna, gure inguruan behintzat. Kutxa hori ez daukaten sindikatuek, berriz, patronalari interesatzen zaion zelaian jokatu behar izaten dute —bake sozialarenean, alegia—, langileen miseria hedatzen den bitartean.

Indartsu dago gure sindikatua Nafarroan; sendotu egin dugu kontrabotereko sindikalismoa; 10.419 afiliatu ditugu; inoiz izan dugun ordezkari-kopururik handiena daukagu... Biziki pozten gaitu horrek guztiak. Baina ez dugu konformatu behar, eta langileak antolatzeari eman behar diogu lehentasuna. Geroz eta lantegi gehiagotako langileek argi ikusi behar dute hobeto bizitzeko aukera dutela baldin eta antolatzen badira. Horretarako, lan metodikoa egin behar dugu, zorrotza, planifikatua eta autokritikoa. Hori da giltza geroz eta lantegi gehiago sindikalizatzeko.

Harro gaude ELAko kideok egiten dugun lanaz, sindikalismo aldarrikatzailearen erreferentzia argia baikara. Horregatik, hain zuzen ere, zaintzen dugu gure autonomia, bai gobernuekiko bai patronalarekiko. 

Kalean hasten dira beti aldaketak, benetako aldaketak, eta hortxe ikusiko dugu elkar, kapitalaren gainetik gure bizitzak duela lehentasuna aldarrikatzen.

GORA MUNDUKO LANGILERIA!

GORA MAIATZAREN LEHENA!

GORA ELA!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.