ARGIA.eus

2019ko uztailaren 23a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-01-10 10:51
ELAk ongi irizten dion arren LOMCEren alderik okerrenetako batzuk bertan behera uzteko asmoari, gure hezkuntza eskumena osorik errespeta dadila exijitzen du; eta Madrilgo Gobernuak ez daukala murrizte-politika baztertzeko asmorik salatzen du. Espainiar Gobernuak lege aldaketarako aukeratutako bideak, lege organiko bidezkoak alegia, erreformaren izapidetza luzatu eta bere onarpena zailduko duela ere salatzen du sindikatuak.

Batetik, LOMCErekin hezkuntza-eredu zentralizatzailean sakontzen zen, Euskal Herriko eskumenei eraso berri bat eginez. Bestetik, ezarri zuen hezkuntza eredua antidemokratikoa, doktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista izan zen. Bere helburu nagusienetako bat hezkuntzaren merkantilizaziorena zen, hezkuntza merkatu eta kapitalaren zerbitzura jarriz.

Sanchezen gobernuak proposatu duen erreformak LOMCEren alderdirik okerrenak indargabetzeko asmoa du: errebalida edo azken ebaluazioak, Estatuaren esku zegoen curriculumaren zabaltzea, hizkuntza koofizialetako murgiltze ereduen debekua, DBHko 3. mailatik ikasleak segregatzea, erlijio eta balio etiko eta zibikoen ikasgaien trataera eta aintzatespena, eskoletako parte hartze demokratikoa eta eskola-kontseiluen eskumenak mugatzea, edota ikastetxe pribatuen mesedetan ezarri zen planifikazioaren desarautzea.

Haatik, onartuko balitz ere, erreforma honekin soilik LOMCE ezarri aurreko egoerara itzulitziko ginateke, esaterako eskumenen inbasioari dagokionez, azken urteetan aplikatzen ari den murrizketa politiketan ez luke eraginik izango eta ez luke zuzenduko jada LOEn ageri den hezkuntzaren merkantilizaziorako joera ere.

Sindikatuak salatzen du adibidez, curriculumaren edukien %55a zehaztea, titulu akademikoak lortu, agiriak eman eta homologatzeko eskubidea edota unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen oposaketa sistema ere Espainiar Gobernuak inposatzen jarraituko lukeela. ELAk murrizketa politika atzera botatzeko,, hezkuntza inbertsio publikoa gehitzeko , lanpostuak gehitzeko, ratioak jaisteko zein enplegua kontsolidatu eta behin behinekotasuna %6ra jaisteko neurriak hartu eta urteetan hezkuntzako langileei aplikatutako gainerako murrizketak atzera botatzeko beharra salatzen du.

Egoera honen aurrean, ELAk Lakua eta Iruńako gobernuei gure eskumen osoa defenda dezatela, murrizketa politika atzera bota dezatela eta gure hezkuntza sistemak dituen beharrei erantzun diezaiotela exijitzen die.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.