2019-05-17 09:38
2019ko maiatzaren 17an, LGBTIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, ELAn bat egiten dugu LGBTIQ+ pertsona eta kolektiboen aldarrikapenekin: despatologizazioa, askapena eta aniztasuna.

Gogoratu beharra dago 1990. urtera arte Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ez zuela homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik atera. Ia hiru hamarkada beranduago, 2018. urtean, erakunde berberak transexualitatearen despatologizazioan urrats bat eman zuen bere gaixotasun mentalen zerrendatik kanpo ateraz, beti ere, transexualitatea `genero inkongruentzia´ izendatuz.

Bestalde, esan beharra dago aniztasun afektibo eta sexualaren aurkako gorrotoak ez duela inongo tokirik egungo bizitzan, kolektibo eta indar politiko jakin batzuk erakunde erlijioso batzuekin batera iragaranera bueltatu nahian dabiltzan arren.

Hauteskunde garaian bete betean murgilduta gaude. LGBTIQ+ pertsona eta kolektiboen eskubideen defentsa ez da inoiz izan alderdi politikoen erdigunean egon; halere, momentu honetan eskuin alderdiak tinko ari dira heteroarautik at eta identitate anitzak dituzten gorputz ororen aurkako gorrotoa bultzatzen.

ELAn argi dugu lan munduan ezin diogula errealitate honi bizkarra eman; lan merkatua ere joko zelai korapilotsua eta gatazkatsua da askatasun sexual, afektibo eta genero identitate disidenteak diren pertsona askorentzat.

Ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboa defentsa kolektiborako sindikatuon berezko tresnak dira, beraz, langile klasearen parte diren kolektibo eta pertsona hauen eskubideen urraketak salatzeko ere balio behar dute. Hala, aniztasun sexuala eta genero identitate anitzen aurkako lan diskriminazioa galaraziko duten hitzarmen kolektiboetako neurri eta klausulen exijentzia eta aplikazioan sakontzen jarraitu behar dugu ezinbestean.

Gaur egungo langile klasea geroz eta anitzagoa da, baita diskriminazio adierazpen guztiak ere, bai zuzenean bai zeharka.

Aniztasun sexual eta afektiboaren alde bere dimentsio orotan eta gorrotoaren kontra, gure militantzia osoa maiatzak 17ko deialdi desberdinetan parte hartzera animatzen dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.