2020-01-17 12:15
Hogeita lau greba egunen ostean Zamudioko Roxall enpresaren langileek lehen Enpresa Hitzarmena lortu dute, lan-baldintzak duindu eta prekaritatea ezabatzeko balioko duen akordioa. Sinadurarekin bertan behera geratu da enpresa farmazeutiko honetako langileek urtarrilaren 2an hasi zuten greba mugagabea. Enpresa Batzordea osatzen duten 9 kideak ELAren ordezkariak dira.

Borroka abenduan hasi zen, 9 eguneko greba batekin. Langileek, nahiko gazteak eta prekarioak, txertoak ekoizteari uztea eta kalera ateratzea erabaki zuten abenduaren 3an. Izan ere, enpresaren zuzendaritzak, langileen eskariak asetzeko eta lan baldintzak hobetzeko irtenbideak bilatzeko saiakerarik ez egiteaz gain, mespretxuz tratatzen zuen bai plantilla eta baita komitea ere. Gauzak horrela, eta grebak bere efektuak lortzen ari zela ikusita –zuzendaritza deseroso jartzen hasi zen eta lehengoz proposamenak mahai-gaineratzen hasi zen– urtarrilean greba mugagabea egitea erabaki zuten.

Grebak hotza, zalantzak eta negoziazioak ekarri zituen 24 egunez, baina azkenik Komiteak eta zuzendaritzak enpresako lehenengo hitzarmena barneratzen zuen Greba Amaierako Akordioa sinatu dute. Hitzarmen honek ultraaktibitate eta inaplikazio klausulak barneratzen ditu, enpresak alde-bakarrez aplikatzeari utzi ez dezan. Horrela, azkenengo lan erreformen efektu latzenen kontra blindatutako akordioa lortu da.

Era berean, edukiei dagokionez, soldaten igoera dezenteak (1.500 euro+KPI urte honetan eta 1.800 euro+KPI 2021erako), urteko lanaldiaren murrizketa 17 ordutan, orain arte ez zegoen antzinatasun plusaren ezarketa, balizko kontratuen eta bekario eta praktiketako kontratuen erabilera mugatzea, udan lanaldi jarraia eta ostiraletako arratsaldea libre izatea dira, besteak beste, hitzarmen honek ekarriko dituen hobekuntzak.

Etorkizuneko kontratazio berriei begira eta soldata eskala bikoitzak saihesteko, soldata taula berriak adostu dira hitzarmen berri honetan, kimiketako hitzarmen estatalaren eredua gaindituz. Izan ere, hitzarmen honek, sektorearen enpresen neurrira eginda dagoena, ez ditu prekarietatea gainditzeko tresna nahikorik.

ELAk Roxall-eko grebalariak zoriondu nahi ditu, agerian jarri baitute borroka antolatuak eta grebak, ELAk langile klaseari eskaintzen dizkion baliabideekin bat, prekarietatearen kontrako tresna nagusia dela enplegu duinak lortzeko eta merezi dituzten lan baldintzak lortzeko. Borrokak merezi du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.