2020-09-18 13:16
Lehen Arretako langileak, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratze jendetsuak egin dituzte osasun zentroetan berehalako konponbideak eskatzeko. Datorren ostiralean, hilak 25, Osakidetzako Ospitaleen eta Osasun Mentaleko Sarearen txanda izango da.

Gaur, Osakidetzako langileek mobilizazio-dinamika berri bati ekin diote, beren eguneroko lanean bizi duten muturreko egoera salatzeko, eta Osasun Sailari, osasun-sistema publikoak dituen arazo larrietarako berehalako eta sakoneko konponbideak eskatzeko.

Azpimarratu nahi dugu egungo arazoak ez direla arazo berriak. Urrunetik datozen arazoak ditugu aurrean, azken urteetako murrizketa-politiken ondoriozkoak, eta behin eta berriz salatu izan ditugunak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aurrean. Gaur egungo osasun-krisiak agerian utzi du Osakidetzan dagoen giza baliabide eta baliabide materialen eskasia.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Lehen Arretako ehunka profesional bildu dira ESI guztietako (13) osasun-zentroen atarian, pairatzen duten kolapsoa eta gainkarga sistematikoa agerian uzteko eta salatzeko: lan-kargak onartezinak dira; profesionalak ez dira ordezten; arreta jasotzeko itxaronaldia gero eta handiagoa da; behin-behinekotasun tasa altuak daude; inbertsio falta dago osasungintzan, bereziki Lehen Arretan; etabar luze bat.

Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen Lehen Arreta kolapsoaren ertzean dagoela eta profesional akituak dituela. Hala ere, esan bezala, ez gaude arazo berri baten aurrean, osasun-zentroek lan-gainkarga izaten baitute urte osoan zehar. Egoera horren ondorio izan ziren iaz deitutako hiru greba-egunak. Osakidetzak, ordea, horri aurre egiteko neurriak hartu beharrean, arreta-adabakiak jartzen jardun du. Adabaki horiek lortu duten gauza bakarra izan da profesionalak gehiago kargatzea eta herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatea gero eta gehiago okertzea.

Aurten ere, aurreko urteetan bezela, arazoa larriagotu egin da udaren etorrerarekin. Hala, beste uda batez, Lehen Arreta bat dugu, udari hamarreneko plantillarekin aurre egin behar diona (oso urria da egunerokoan ere), ordezkapen edota estaldurarik ez dagoelako; langile batzuk akituta daude gainkarga sistematikoagatik; beharrezko errefortzurik gabe, egunerokotasunean ezinbestekoak badira, are gehiago bizi dugun egoera honetan; eta, horrela, etabar luze bat.

Aurten, gainera, profesionalek jasaten duten ohiko gainkargari koronabirusaren kontroletik eta jarraipenetik eratorritako lan-karga gehitzen zaio, eta zeregin hori, zati handi batean, Lehen Arreta ari da bere gain hartzen. Eta, egoera horretan, Osakidetzak emandako konponbidea betikoa izan da: kategoria guztietan ordezkapenik ez izatea, Lehen Arreta ez indartzea, arreta-murrizketak, zentroak ixtea (Zumarragako edo Elgoibarko EAGak adibide gisa) ordutegiak murriztea, etab.

Osasun sailburu berriari berehalako neurriak eskatzen dizkiogu egungo osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, bai eta Osakidetzak pairatzen dituen egiturazko arazoei sakoneko irtenbideak emateko ere. Eusko Jaurlaritza da gure osasun-sistemaren narriadura larrigarriaren eta langileen eskubide eta lan-baldintzen murrizketaren erantzule bakarra. Pausuak ematen ez badira, mobilizazio dinamika areagotuko dugu, bat ere baztertu gabe.

Gaur Lehen Arretaren txanda izan da. Hilaren 25ean ospitaleen eta Osasun Mentaleko Sarearen txanda izango da. Haiek ere egunerokotasunean pairatzen dituzte prekarietate baldintzak, eta goizeko 11etan ospitale guztietan kontzentrazioak eginez salatuko dugu hori.

Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde. Guztion osasuna dago jokoan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.