2019-05-02 12:43
Epaiak frogatutzat jo du langileak amiantoarekiko esposizioa izan zuela lan-jardueran zehar; eta CIE AUTOMOTIVE eta SIDENOR ACEROS ESPECIALES enpresak hartu ditu jatorrizkoaren ondorengo, eta esposizioaren erantzuletzat.

Lan-arloko Donostiako 1. Epaitegiak Patricio Echeverria enpresako langile ohi bati ezintasun iraunkor absolutua, lan guztietarakoa, eta lanbide-gaixotasunetik eratorria aitortu berri dio, eta INSS kondenatu du bere biziarteko pentsioa, hilerokoa, eta dagokion oinarri erregulatzailearen %100ekoa, ordaintzera.

Langile-ohiak 24 urtez jardun zuen enpresaren Legazpiko lantegian, zalilari postuan, altzairu galdatua isurtzen eta hondatzen ziren zaliak konpontzen eta prestatzen. Osalanen 2017ko irailaren txostena kontuan harturik, epaiak frogatutzat deklaratu du langile ohia amiantoarekiko kontaktuan egon zela, zeinaren arabera esposizioa izan duten EAEko fitxategian sartu baitzen. Txosten honetan jasota dagoenez, enpresak amiantoa inportatzen zuen 60ko hamarkadatik 1984ra arte. Izan ere, bitarte horretan labearen edo zaliaren xaflari eransten zitzaion azal zuria amiantozkoa zen, eta langileek inolako babes-neurririk gabe manipulatzen zuten, haren arriskurik jakin gabe. Ondorio honetara heltzeko, epaileak oso kontuan izan ditu langilearen lankideen testigantzak; kide hauen esanetara buzako irristailua babesteko amiantozko zintak erabiltzen ziren, eta hondatzen ziren guztietan, egunean zenbait aldiz, kendu eta konpondu behar ziren. Zeregin horretan ez zen babes-maskararik janzten, langileak behar beste aldiz ebakitzen ibili behar ziren bitartean.

Patologiaren lan-jatorriari dagokionez, epaiak bere egin du Zumarragako Ospitaleko Neumologia Zerbitzuaren 2019ko otsailaren txostena, non gaixoak birika-asbestosia izateko susmo handiak zeudela aipatzen baitzen, haren aurrekariak kontuan hartuz: amiantoarekiko esposizioa, pleura-kaltzifikazioak eta biriketako gaixotasun interstizial zedarrigabea. Epaiak aitortzen duenez, enpresako ordezkariek ekarritako peritu-txostenaren arabera ere, langileak asbestosia duela ondorioztatu da, peritu honek diagnostikorako ezarri dituen irizpide nagusiak betetzen baitira.

Azkenik, eta sozietate desberdinen xurgapen, desegite, zabalkuntza, izen-aldaketa, eta halako prozesu kontaezinak aztertu ondoren, epaiak CIE AUTOMOTIVE eta SIDENOR ACEROS ESPECIALES jo ditu PATRICIO ECHEVERRIAren ondorengo gisa, altzairu berezien jarduerari dagokionean.

Oraindik irmoa ez bada ere, ELAk pozik hartu du aldeko epai berri hau, biktimaren eta haren senideen aldeko beste auzibide batzuei atea ireki baitie. Bide batez, ELAk arduraz jokatu eta auzibidea alferrik luzatzeari utz diezaiotela eskatzen die enpresei, kaltetutako pertsonen sufrimendua areagotzeko besterik ez baitu balio. Sindikatuak bestalde, langileen osasuna behingoz bermatze aldera baliabide nahikoak ezarri ditzaten eskatzen die erakunde publikoei. Azkenik, lan-osasunaren eta segurtasunaren nazioarteko egunean hartu berri duen konpromisoa berresten du ELAk, produktu kantzerigenoak lantokietatik ateatzearen alde borrokatzekoa, hain zuzen.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.