2019-05-23 12:48
“Sindikatuok berehala heldu behar diogu klima aldaketaren kontrako borrokari”. Hala adierazi du Laura González de Txabarri, ELAko nazioarteko harremanen arduradunak, hilaren 21etik 24ra Vienan ospatuko den Europako Sindikatuen Konfederazioaren (CES) 14. Kongresuan.

González de Txabarrik egungo produkzio-eredua sostengaezina dela adierazi du eta planetaren mugak direla eta, ezinbestez aldatuko dela. “Aldaketa hori modu ordenatuan eta demokratikoan egin daiteke, planetaren babesari eta gehiengoaren interes sozialei lehentasuna emanez; edo modu desordenatu eta autoritarioan. Bigarrena gauzatuko balitz planetaren muga fisikoek gainezka egingo lukete desberdintasun eta injustizia handiagoak ekarriz”.

Mugimendu sindikalarentzat erronka potoloa dela aitortu badu ere, sozialki beharrezkoak eta ingurumenarentz jasangarriak diren jardueretan enplegua sortzeko aukera ere badela gehitu du. ELAk egindako ikerketa bat izan du bidelagun. Txosten horretan jasotzen denez, Hego Euskal Herrian 106.000 enplegu berde sortu daitezke.

Bere interbentzioan, Laura González de Txabarrik aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eredu ekonomiko eta sozial berria sortzeko aukera ezin hobea dela azpimarratu du, horrek egungo ereduaren eraldaketarako beharrezkoak diren borroka guztiak batzen baititu: energia garbien borroka, finantza justuena, elikadura burujabetzarena, enplegu duinena eta zaintzena, besteak beste.

Amaitzeko, eredu ekonomiko eta sozial alternatibo baten alde egiten duten mugimendu eta organizazioekin aliantzen garrantzia goraipatu du: “Sistema aldatu dezagun, ez klima”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.