2019-04-12 14:58
Osakidetzako Lehen Arretak bizi duen egoera larriaren aurrean, ELAk, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK eta Lehen Arreta Arnsaberritzen Plataformarekin batera, bi greba egun deitu genituen: apirilak 12 eta maiatzak 17. Lehen greba egunak jarraipen zabala izan du.

Gaur, lehenbiziko greba eguna izanda, esan behar dugu jarraipena masiboa izan dela. Zentro askotan, hainbat kategoriatan, jarraipena %100ekoa izan da, bereziki, mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen artean. Jarraipen masibo hau dela eta, osasun zentro batzuk itxita egon dira, adibidez, La Peña eta Zurbaran. Esan dezakegu, jarraipena %60ra iritsi dela.

Lehen Arretako langileek, Bilbon burutu dute manifestazioa, Jesusen Bihotzetik abiatuta, goizeko 12tan. 2.000 pertsona baino gehiago hartu dute parte.

Guzti hau dela eta, Lehen Arretako langileak zoriondu nahi ditugu, Lehen Arretaren defentsan mobilizatu direlako.

Osasungintza publikoaren eraispena eta Osakidetzak bizi duen egoera larria, gure agintarien murrizketa politiken ondorio zuzena dira: lanpostuen suntsiketa, plantilla gero eta txikiagoak, behin-behinekotasun tasen igoera; zerbitzuen pribatizazioa; bajak eta absentziak ez dira ordezkatzen; hutsik dauden lanpostuak ez dira betetzen; iruzurra behin-behineko kontratazioan; lan kargak gero eta handiagoak; erosahalmenaren galera; gaixotasun bajen zigorra; etab. luze bat. Zuzeneko murrizketak aipatu behar ditugu ere, Garapen Profesionalean egindakoa adibide argia delarik.

Lehen Arretari dagokionez, orain arte azaldutakoari, bi arazo gehitu behar zaizkio, salatu izan ditugunak: alde batetik, ESIetako estruktura berriak horretan sakontzen duela; eta bestetik, Lehen Arretako profesionalen eskasia. Azken kasu honetan, eskasia horri, Osakidetzak eskaintzen dien eta eskaini dizkien lan baldintza prekarioak gehitu behar zaizkio. Honen ondorio zuzena izan da mediku askok lan aukerak bilatu izan dituztela Osakidetzatik kanpo.

Zoritxarrez, salatu eta aurreikusi genuen egoera, heldu egin da eta hori dela eta, Lehen Arreta oso egoera larrian dago. Horrek eragin zuzena dauka langileen lan baldintzen gain, baina baita gaixoei eskaintzen zaien arreta kalitatearen gain. Arazoak asko dira eta sakonak gainera: lan kargak onartezinak dira; absentziak ez dira ordezkatzen; arreta jasotzeko itxaronaldiak gero eta handiagoak dira; langileek, bereak ez diren lanak egin behar dituzte; Inbertsio falta dago Osasungintzan, bereziki Lehen Arreta; etabar luze bat.

Grebaren jarraipena oso zabala izan bada ere, salatu behar dugu, askotan egin izan dugun bezala, Osakidetza, greba oztopatzeko eta indargabetzeko ahaleginak egin dituela:

  • Alde batetik, zerbitzu minimoen agintearen gehiegizko interpretazio bat egin du. Horrela, larunbat bateko zerbitzu eta zentro gehiagoko irekiera inposatu egin ditu. Dudarik gabe, Osakidetzak benetakoa ez den normaltasun irudi bat eman nahi du. ELAk eskubide urraketa hau salatzeko pasu legalak ematen hasi da jadanik.
  • Bestalde, grebaren jarraipena baloratzeko momentuan, Osakidetzak beti manipulatzen ditu datuak. Horrela, baloratu beharrean zenbatek egin duten greba, aukera hori dutenetatik (esan bezala, zerbitzu minimo lanak egin behar dituztenek, ez daukate aukera hori), oinarritzat hartzen ditu langile guztiak, jakinda ere horien zati inportante batek, ezin duela grebarik egin. ELAtik, Osakidetzari exijitzen diogu, datu errealak eman ditzan.
  • Gaurko egunean ere, grebaren kontrako neurriak jarri ditu martxan: “segurtasun” langileak kontratatu ditu zentroak irekita mantentzeko; arduradun ezberdinei esan die ordu erdiro zentroetan agertu behar direla egoeraren berri izateko; eta greba egin nahi zuten langileak zerbitzu minimo izendatu ditu naiz eta zentro horretan, greba egin ez duten langileak egon.

ELAtik oso positiboki baloratzen dugu gaurko grebaren jarraipena eta langileei egiten diegu deia, maiatzaren 17an, greba masiboki jarraitu dezaten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.