2020-01-03 11:16
ELAk lanuzte partzialak deitu ditu urtarrilaren 5erako Nafarroako merkataritzan eta saltoki handietan, astelehenetik larunbaterako asteko jardunaldia eta jai egunetan lan ez egitea aldarrikatzeko. Neurri hauek akordio marko baten bidez ezarriko lirateke, eta sektore hauetako enpresa guztiak lotuko lituzke, lan hitzarmen bat balitz bezala.

Urtarrilaren 5eko mobilizazioak 11:30etatik 13:30etara eta 17:30etatik itxi arteko lanuzteak izango dira, bi kontzentrazioekin: 12:00etan Itaroan eta 12:30etan Carlos III eta Gaztelu Plazaren arteko gunean. ELAk testu bat aurkeztu du Nafarroako Merkataritza Kontseiluan, eta elkarlanerako deia luzatu die UGT, CCOO eta LABi. Hala ere, UGTk eta CCOOk ez dute mobilizatu nahi, hemen ez gaudelako hain gaizki esanez: Espainiar estatuko beste lekuetan (EAEn salbu) irekierak libre dira. Dena den, UGTk eta CCOOk euren jarrera aldatuko balute, elkarlanaren aukera egongo litzateke.

Zentzu honetan, ELAko ordezkariek agerraldi publikoa egin dute urtarrilaren 5eko mobilizazioen zergatiak azaltzeko. ELAk Nafarroako merkataritzan dituen arduradun Ainhoa Urkia eta Olaia Alonsok azpimarratzen dutenez jaiegunetan irekitzeak ez du jarduera ekonomikoa handitzen, eta ez du lanposturik sortzen. “Jendeak ez du gehiago erosten dendak ordu gehiago irekitzeagatik. Gainera, horrek ez die kontsumitzaileei askatasun gehiagorik ematen, dendari txikiek ezin dutelako egun gehiagotan ireki, eta bide horretatik kate handietako sektore batera abiatzen gara. Balizko eskaera artifiziala da, sinestarazi nahi digutelako eskubideak irabazten ditugula jaiegunetan dendaz denda ibiltzeari esker. Lan arloan lan-baldintzak okertzen ditu, atseden hartzeko egunak desagerrarazten eta kontziliatzeko zailtasunak handitzen. Jende askoren ahuldadea probestu nahi dute (soldata baxuak eta jardunaldi partzialak) borondatea eta beharra nahasteko: gero eta hitzarmen gehiagotan, lan hau derrigorrezkoa da eta ez da behar bezala ordaintzen”.

Urkiak eta Alonsok gogoratzen dute mobilizaziorik gabe ez duela merezi proposamenik egitea, enpresek ez dutelako ixten guk eskatzen diegulako. “Nafarroako Gobernuak aurrekoak bezala jokatzen du: patronalak eskatzen dizkion irekitzeko egunak legeztatzen ditu, lan arloko afera dela esanez. Hau gezur hutsa da: Zein eredu komertzial eta soziala nahi du? Saltoki handietako sektore bat, langile esklabizatuek osatuta? Hori saihesteko, mobilizazioa bide bakarra da, urtarrilaren 5etik hasita”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.