2019-11-27 13:46
Etxez Etxeko laguntza zerbitzuan lan egiten dunenen zeregin nagusia zaintza da eta emakumeak dira gehiengoa sektorean. Udalak dira pertsona nagusien zaintza zerbitzuaren arduradun zuzenak baina zerbitzu hau pribatizazio prozesuan murgilduta dagoela salatu dute orain dela 7 urte soldata izoztuta duten langileek. ELA, LAB, UGT eta USOk Bilbon deitutako manifestazioan enplegu eta zaintza hobea aldarrikatu dute.

Langileek gogora ekarri dute dagoeneko 27 greba egun egin dituztela azaroa baino lehen eta hilabete honetan lanuzte eta mobilizazio ugari egin dituztela, baina patronalak ez duela inongo erantzunik eman.

Langileen nahiz gizartearen beraren ongizateagatik zaintza modu duinean ematen dela ziurtatzea udalen erantzukizuna dela azpimarratu dute. Horretarako, prebentzio neurriak eskatu dituzte, modu seguruan lan egiteko eta kalitate asistentzial oneko zerbitzua eskaintzeko.

Gogorarazi dute ere Bizkaiko udal askotan hainbat neurri biltzen dituzten mozioak onartu direla: lan osasuneko neurriak hartzeko (arrisku psikosozialak ohikoak dira sektorean), subrogazioa bermatzeko, lanorduak kontratuan zehaztu daitezen exijitzeko... Bilbon, Barakaldon, Portugaleten edo Mungian mozioak onartu badira ere, mozioetan bildutako konpromisoak ez dira betetzen ari.

Udalek eta patronalek ez dute erantzuten, eta Eusko Jaurlaritzak ez du negoziazioan esku hartzen. Ez da inpartziala, beraz, beharrezkoa da Jaurlaritzak esku hartzea, zerbitzua babesteko eta lan-baldintza duinak bermatzen direla ziurtatu behar duelako”.

Benetako edukiak izango dituen negoziazioa lortu arte mobilizazioekin jarraituko dute langileek.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.