2019-07-17 09:46
Bizkaiko metaleko langileek denbora daramate euren lan eta bizi baldintzen alde mobilizatzen. Sortzen duten aberastasunaren banaketa bidezko bat eskatzen dute. Landeiaren 234. aleak gai hau ere lantzen du.

Ekainaren 21a Bizkaiko metaleko langileek deitutako bosgarren –eta oraingoz azken– greba eguna izan zen. Greba egun horietan –maiatzak 23 eta ekainak 6, 7, 20 eta 21– lantokiak geldirik eta kaleak beteta egon dira. Langileak indartsu daudenaren seinale, ELAk Bizkaiko metalean duen arduradun Mikel Etxebarriak azpimarratzen duen bezala. “Jarraipena oso handia izan da. Leku batzuetan jarraipena erabatekoa izan da, eta batez-beste %85ekoa. Egin ditugun mobilizazioek ere jendetza batu dute. Bilbon egin diren manifestazioak, esaterako, izugarriak izan ziren, 11.000 lagunetik gora elkartu garelarik”.

Langileak indartsu daude, beraz. Eta, FVEM patronala, berriz, “harrotuta”. Hala uste du Etxebarriak. “Arduragabekeria handiz jokatzen ari dira. Ekainaren 17an bildu ginen eurekin azkenengoz, eta maiatzean aurkeztu genien plataforma bateratuak jasotzen dituen puntu bakar bati ez zioten erantzun. Egun horretan egin zuten azken eskaintzan apenas egon zen aldaketarik, oso urrun daude gure aldarrikapenetatik. Dagoeneko 21 aldiz elkartu gara, eta ez dago aurrerapenik”.

ELAko arduradun honen hitzetan oso erraza da gatazkaren zergatia ulertzea. “Patronalak sektorean sortzen den aberastasun guztia bereganatu nahi du. Eurek onartzen dute sektorearen egoera ona dela, irabazi handiak dituztela eta lan karga badagoela. Aberastasunaren bidezko banaketa eskatzen dugu, baina ez patronalak ez du hori nahi. Grebara jotzea eta mobilizatzea beste aukerarik ez digute utzi”.

BIZKAIKO METALAREN PLATAFORMA BATERATUA

  • 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzerapenak ordaintzea.
  • Langileek ez diote enpresari inola ere beren kontuetan jasotako areagotzerik itzuliko, horiek hitzarmenean adostutakoa gainditzen badute.
  • Areagotzeak tauletan nahiz benetako soldatetan eman behar dira, sektorean lan egiten duten langile guztientzat. Soldatari buruzko eskaera: soldata areagotzea indarreko urte bakoitzeko, IPC+2 (tauletan) eta IPC+1-i (benetako soldatetan) dagokienez.
  • Subrogazio-eskubidea.
  • Lan-erreformaren aurreko blindajeak: lan-baldintzei eta ultraktibitate mugagabeari buruz ezarritakoa ez aplikatzearen aurkako klausula .
  • 8 orduko lanaldia murriztea.
  • Behin-behinekotasuna eta ETT bidezko kontratazioa mugatzen duten neurriak. Malgutasunaren aplikazioa mugatzea kontratazioan iruzurra egiten den enpresetan.
  • Sektorean genero-berdintasunean aurrera egiteko neurri eraginkorrak.
  • Laneko osasuna lehentasunezko helburua den egunerokoan lan egiteko xedean aurrera egitea.
  • Hitzarmenaren edukia 2019. urtera egokitzea, azken negoziaketatik eskubideen arloan izandako edozein aurrerapen sartuz.
  • Hizkuntza sexista baztertzea.

PD: Gutxieneko eduki horiek soilik aldatu ahalko dira lau sindikatuen –ELA, LAB, CCOO, UGT– akordio bidez. ELA saiatu da aho bateko konpromisoa lortzen, hitzarmena alde sindikalaren gehiengoaz adostu ahal izateko. Ez da lortu. Halaber, eta metalaren estatuko hitzarmenak berekin dakarren arriskuaren aurrean, Bizkaiko langile metalurgikoen baldintzak hemen arautu daitezela defendatzeko konpromisoa planteatu dugu; hori ere ez dugu lortu.

Hala ere, eta sindikatu guztiek lan-baldintza duinak lortzeko borrokan parte har dezagula lortzeko helburuarekin, hitzarmena positibotzat jotzen dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.