2019-07-18 12:05
ELAren ordezkaritza zabal batek partu zuen Vienan Europako Sindikatuen Konfederazioaren XIV Kongresuan. Landeiak Kongresuaren inguruko informazioa jasotzen du.

Maiatzaren 21etik 24ra Europako Sindikatuen Konfederazioaren XIV. Kongresua egin zen Vienan (Austria). 1973. urtean sortua, Europako konfederazio sindikal handiena da; 45 milioi afiliatu ordezkatzen dituzten 90 sindikatu biltzen ditu. A fairer Europe for workers –Langileontzako Europa hobe bat– lelopean parte hartu zuten 700 ordezkariek datozen lau urteetarako ekintza programa erabaki zuten. Gainera, Vienako Manifestua onartu zen, etorkizunari begira jarduera sindikalaren oinarriak jasoko dituen agiria.

Bi izan ziren ELAk Kongresuan izan zituen parte hartzeak. Maiatzaren 22an Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Europar eraikuntzaz, demokraziaz eta ultraeskuinaren mehatxuaz hausnartu zuen Building democracy and a better future of Europe for working people atalaren baitan –Demokrazia eta langileentzako Europa hobe bat eraikitzen–. Hurrengo egunean nazioarteko arduradun Laura González de Txabarri klima aldaketaren inguruan mintzatu zen. ELAren ordezkari Eider Azcunaga eta Xabi Anza ere Vienako hitzorduan izan ziren.

Kongresuan oso presente egon zen eskuin muturraren gorakada. Lakuntza bat etorri zen kezka horrekin. “Ultraeskuinak giza-eskubideak (sozialak barne) defendituko dituzten erakundeak suntsitu nahi ditu, baita sindikatuak ere; izan ere, sindikatuak solidaritatea sustatzen du, naziotasun, jatorri eta generoa edozein dela ere. Hori da sindikalismoaren eginkizuna; horregatik gara ultraeskuinarentzako antidotorik onena. Baina eskuineko alderdien politika instituzionalean ere hedatuta daude antikolektibismoa eta erantzun kolektiboen aurkako jarrerak. Hauentzat ere eskubide sozialak eta laboralak traba bat baino ez dira, baita grebak ere”.

ELAko idazkari nagusiak neofaxismoaren aitzinatzea mehatxu larria dela nabarmendu zuen; baina fenomeno hau ulertzeko kapitalismoaren jatorriari erreparatu beharra dagoela azpimarratu zuen. “Honek eman dio bide mehatxuari, prekaritatea, ezberdintasuna, pobrezia eta beldurra bultzatzen duten politikak ezarri dituenean. Politika publikoak errotik aldatu behar dira. Horretarako botere ekonomikoekin konfrontatzea eskatzen diogu ezker politikoari, aberastasuna, enplegua eta etxebizitza banatzeko politikak aldarrikatuz”.

Azkenik, ezker politikoak eta sindikalismoak jendearen benetako arazoetatik gertu egon behar dutela gogorarazi zuen, jende xumearen alde egiteko sortu zirelako, ez botereen alde egiteko.

Klima aldaketa mintzagai

Laura González de Txabarrik klima aldaketaren erronkaz hausnartu zuen. “Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eredu ekonomiko eta sozial berria sortzeko aukera ezin hobea da. Aldaketa hori modu ordenatuan eta demokratikoan egin daiteke, planetaren babesari eta gehiengoaren interes sozialei lehentasuna emanez; edo modu desordenatu eta autoritarioan. Bigarrena gauzatuko balitz planetaren muga fisikoek gainezka egingo lukete desberdintasun eta injustizia handiagoak ekarriz”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.