2020-04-28 12:12
2020ko apirilaren 28 honetan, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, Covid-19k eragindako pandemiak markatuta, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek indarrak batu dituzte Zalbibarren egindako ekitaldi nagusi batean, ozen esateko langileen bizitzak lehentasuna izan behar duela eta, beraz, ezin dela arriskuan jarri enpresen eta Gobernuen nahieran. Eta Zalbidarren egin dute, hain zuzen ere, bi langile oraindik lurperatuta dauden zabortegiaren aurrean, agerian uzteko enpresak dirua irabazteko tresna hutsak direla, askotan ahaztu egiten baitute langileak pertsonak direla.

Arrate Elkoro Gernika-Durangoko eskualdeko arduradunak salatu duenez, "halaxe izan zen hemen aurrean dugun zabortegia erori zenean. Bi langile lurperatuta. Eta autobidea berriz irekitzeko era guztietako langileak ekarri zituztenean ere, inolako segurtasun neurririk gabe lan egin zuten dioxinen artean. Eta hala gertatzen ari da Koronavirusaren krisiarekin, milaka pertsona babes neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, haien osasuna eta, are gehiago, bizitzak arriskuan jarriz".

Elkorok berretsi egin du ELAren eta bertan dauden gainerako sindikatuen konpromisoa bizitzak erabateko lehentasuna izan dezan: "Lehenik bizitza, eta gero gainerako guztia”, eta aldi berean, administrazioei eskatu die lan ikuskaritzaren bitartekoak eta baliabideak indartzeko, ehun ikuskari gehiagorekin, enpresetan lan osasuna bermatzeko. "Horrelako neurri zehatzak hartzen ez diren bitartean, pentsatu beharko da gure agintariek enpresaburuen aginduetara jarraitzen dutela", adierazi du irmotasunez.

Zaldibarko ekitaldiaz gain, mobilizazioak ere egin dira hainbat lantokitan, hala nola Donostiako Ospitalean, Bilboko Basurtuko Ospitalean edo Gasteizko San Prudentzio Egoitzan, besteak beste, funtsezko zerbitzu publiko horien plantillak lanean aritu direla eta babes-neurri egokirik gabe jarraitzen dutela salatzeko eta horrelako jarduerak amaitzeko eskatzeko.

Halaber, egun osoan zehar, sare sozialen bidez, bideoak eta argazkiak argitaratzen ari dira laneko segurtasunari eta osasunari buruzko salaketekin eta aldarrikapenekin #BizitzaDefendatu hashtagarekin, eta balkoi eta leiho asko lazo beltzekin esnatu dira, lanean hil edo gaixotu diren pertsonei elkartasuna adierazteko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.