2020-05-19 12:34
Martxoan, alarma-egoeraz baliaturik, Gasteizko garraio konpaniakTUVISAk ERTE bat aplikatu zien bere gidari-kobratzaileei. Enpresa Batzordeak salaketa jarri zuen, ERTE hura legez kontrakoa zelakoan. Izan ere, ERTEen gaineko legeen eta alarma-egoeraren gaineko dekretuen guztiz kontrakoa da. Eguerdian elkarretaratzea egin du Gasteizko Epaitegiaren aurrean.

Indarrean dagoen legeriaren arabera administrazio publikoek ezin dituzte horrelako prozedurak erabili, eta TUVISA udal-sozietate publikoa da %100ean, eta administrazio publiko moduan dago sailkaturik eta ofizialki erregistraturik.
Gainera, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak xedatu duenez, administrazio publikoari zerbitzu azpikontratatuak ematen dizkioten enpresek ere ezin diete ERTErik aplikatu beren langileei; horrelakoetan kasuan kasuko administrazio publikoak gastuak xurgatu behar ditu, soldatak ere barne. Hori horrela, lehiaketa publikoen bidez TUVISAri zerbitzuak emateko esleipena jaso duten enpresetako langileen gastuak TUVISAren kontura joan behar dira. Hortaz, TUVISAk bere langileei ERTE bat ezartzea lekuz kanpo dago, argi eta garbi.
Gure ustez, TUVISAk bidegabeko etekina atera nahi izan du ERTEaren bidez, bere ezin txarragoko kudeaketa orekatzeko asmoz. 
Bidegabeko etekina: ERTEaren bidez soldaten zati bat SEPEk ordainduko ditu, eta Gizarte Segurantzarentzako kotizazioen zatirik handiena (%75) TUVISAk aurreztuko ditu, hori guztia pertsonalari soldatak murriztearen kontura.
Kudeaketa ezin txarragoa: TUVISAk ez du inoiz asmatu lanaldiak behar bezala arautzen; eta bestalde,  pertsonalaren eskasia du. Hori dela-eta, aparteko orduak izugarri pilatu dira, eta denborarekin konpentsatzen direnez, langile bakoitzaren urteko lanaldia murriztuz joan da. Joera horren ondorioak, urteen poderioz, gero eta larriagoak dira; eta Zuzendaritzak, Urtaran alkatearen ezin eskertuzko laguntzaz, horrela konpondu nahi izan du, COVID-19aren alarma-egoeraz baliaturik.
Baina Batzordeak aho batez ezetz esan dio Zuzendaritzaren proposamenari â€'metaturiko ordu guztiei uko egitekoari, eta lan-egutegiak aldatzekoariâ€', eta alkatea haserretu da Batzorde honekin eta TUVISAko langileekin. Hala eta guztiz ere, Batzorde hau ez dago prest udal-kudeaketa zuritzeko, eta ez da makurtuko alkatearen eta Zuzendaritzaren nagusikeriaren eta kopetaren aurrean.
Bide batez salatu behar dugu ERTEaren kudeaketan irregulartasunak egunero egiten direla. Langile batzuk ERTEra bidaltzen dituzte egun gehiagotan, ezarritakoetan baino; beste batzuk asteko atseden-egunetan bidaltzen dituzte, edo atsedenaldiko hamabostaldietan, ordezkoen kontratuak mantendu dira titularrak lanera itzuli ostean, lan-egutegiak negoziatu gabe aldatu dira, nominetan akats ugari daude... Labur esateko, kudeaketa ezin txarragoa da, eta oraingoz ez ditugu aipatuko COVID-19aren ondoriozko lan-arriskuak, hurrengo baterako utziko ditugu, azterketa monografikoa merezi dute-eta.
Behin epaitegiko auzia ebatzi ondoren, eta osasun-krisia gainditurik, erantzukizunak eskatzeko garaia helduko da.
 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.