2022-05-12 09:34
ELAk salatu du Etxabarri Ibiñako (Araba) Pepsico enpresan langile bat hil dela lan istripuan. Lanean hasi eta gutxira, gaizki sentitzen hasi zen, eta bihotzekoak jota hil zen. Euskal Herrian gutxienez 25 langile hil dira dagoeneko. Arabako seigarren lan heriotza da hau. ELAk salatu du gero eta gehiago direla arrazoi ez traumatikoengatik gertatzen diren lan istripuak. Izan ere, 2022an 7 pertsona hil ziren izaera honetako lan istripuen ondorioz Hego Euskal Herrian. Egoeraren larritasuna dela eta, sindikatuak Eusko Jaurlaritzari exijitu dio berehala ezar ditzala prebentzio legeria ez betetzeak kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko neurriak, eta, aldi berean, lantokietan antolatzeko deia egiten du, urtean 50 pertsona baino gehiagoren heriotza eragiten duen lan prekaritateari aurre egiteko.

“Ez da ausaz gertatzen den zerbait. Lan merkatua gero eta prekarioagoa da, eta lan arrisku gehiago ditu. Osasun arazo horiek izateko arriskua biderkatu egin da, eta, zoritxarrez, gero eta langile gehiago hiltzen dira lanean bihotzekoak jota”.

ELAk deitoratu duenez, borondate politikoa falta da. “Enpresaburuen borondate politikoa eta behin betiko konpromisoa baino ez dira behar gaitz horrekin amaitzeko, langileen osasuna eta segurtasuna irabazi gosearen gainetik jartzea”, laburbildu du sindikatuak.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.