2020-07-02 12:38
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeen kopuruak gora egin du berriro, eta kopurua dagoeneko 184.912koa da. Krisiak gehien erasandako pertsonak emakumeak eta pertsona gazteenak dira.

Krisi ekonomikoak enplegua suntsitu du berriro EAEn, eta maiatzean baino 2.733 pertsona gehiago daude langabezian; horrek esan nahi du %1,93ko igoera izan dela. Nafarroan, aldiz, 673 langabe gutxiago zenbatu dituzte, maiatzeko igoeraren parekoa.

Urte arteko datuei erreparatuta, 2019ko ekaineko datuekin alderatuta, langabeziak %30 egin du gora, Lan Ministerioak emandako datuen arabera. Orain dela urtebete baino 43.193 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian.

Langabeziaren hazkundeak emakumeei eta 25 urtetik beherako gazteei kalte egiten die berriro. Ekainean, 1.447 emakume eta 2.268 gazte gehiago daude langabezian. Hala ere, hori ez da daturik kezkagarriena: otsailetik, 25 urtetik beherakoen langabezia %52 igo da. Zifra horiek adierazten dute krisi ekonomikoak gehiago kolpatzen dituela behin-behinekotasun eta partzialtasun handiko enpleguak, eta erakusten dute zein ahulezia-mailatan dauden aipatutako kolektibo hoiek.

Sindikatuak azaldu duenez, COVID-19k pandemia aurretik pairatzen ari ginen krisi ekonomiko eta soziala larriagotu besterik ez du egin. ELAk bere proposamenak berretsi ditu, besteak beste, Sozietateen gaineko Zerga, Ondarearen gaineko Zerga edo Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga. Horiek guztiak aplikatuz gero, EAEn 3.750 milioi euro baino gehiago bilduko lirateke. Sindikatuaren proposamenen artean ere badira doako zaintza unibertsala, langabe guztientzako LGS adinako gutxieneko dirusarrerak bermatzea, edo Europa mailako batez besteko gastu mailarekiko dugun gabezia gainditzea, besteak beste.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.