2020-12-02 11:23
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako azaroko langabezia-datuen arabera, 5.416 langabe gutxiago egon dira izena emanda Hego Euskal Herrian, horrela langabezia 171.963 pertsonara murriztu da. Pandemiaren bigarren bolada honen aurrean eta ziurgabetasun-testuinguru honetan, langile klaseak administrazioen aldetik neurriak behar ditu. Beste enplegu-politika batzuk behar dira, ekoizpen-eredua aldatuko dutenak eta enplegua baldintza duinetan sortu eta finkatuko dutenak.

Aurreko hilabetean gertatu zen bezala, langabeziaren jaitsierak EAEn izan du eragina, baina ez Nafarroan. EAEn langabezia 6.035 (-%4,36) pertsonatan murriztu den bitartean; Nafarroan, berriz, maiatzetik bigarren aldiz igo da langabezia, oraingoan 619 langabe gehiago daude (+%1,6).

Langabezia sektore guztietan murriztu da. Langabezian jaitsiera handiena izan duen sektorea eraikuntza izan da 856 langabe gutxiagorekin (-%4,5), nekazaritzak 207 (-%3,9), industria 766 langabe gutxiago (-%3,6) eta azkenik kuantitatiboki gehien murriztu den sektorea izan den arren, ehunekoa gutxien jeitsi den sektorea da zerbitzuena, hain zuzen, 2.974 langabe gutxiago daude azaroan (-%2,5).

Urte arteko datuei dagokienez, 2019ko azaroarekin alderatuz, aurreko hilabeteekin alderatuz datuak hobera egin duten arren, datuak jarraitzen dute negatiboak izaten. Langabezia %17,6 hazi da Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera. Horrek esan nahi du, orain dela urtebete baino 25.770 langabe gehiago daudela Hego Euskal Herrian.

Bestalde, langabeen %55,8 emakumeak dira. Ehuneko horrek gora egin du azken hilabeteetan, eta horrek erakusten du langabeziaren jaitsiera handiagoa dela gizonen artean emakumeen artean baino. Gazteei dagokionez, urriaren ildoari jarraituz, langabeziak behera egin du, oraingoan 971 pertsonatan (-%5,5). Hala ere, zifra horiek ez dute gazteak bizitzen ari diren egiturazko arazoa konpontzen. Prekarietatearen arazoari 16.599 pertsonari eragiten dien langabezia gehitu behar zaio.

Pandemiaren bigarren bolada honen aurrean eta ziurgabetasun-testuinguru honetan, langile klaseak administrazioen aldetik neurriak behar ditu. Beste enplegu-politika batzuk behar dira, ekoizpen-eredua aldatuko dutenak eta enplegua baldintza duinetan sortu eta finkatuko dutenak. Horretarako, inbertsio handiagoa egin behar da sektore publikoan, eta gobernuek esku-hartze handiagoa izan behar dute sektore estrategikoetan. Neurri horiekin batera, pandemiak gehien kaltetzen dituen sektoreentzako laguntzak eman behar dira, pobrezia-egoerak saihesteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.