2018-05-30 12:09
ELAk lortu du Auzitegi Gorenak diskriminaziotzat jotzea Gizarte Segurantzan alta ez ematea emakume haurdun bati. Administrazioko lan-poltsatik hautatua zen emakumea, eta arrisku-egoeran zegoen.

Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak iragan otsailaren 26an plazaratu zuen epaiaren arabera, jokabide diskriminatzailea da Gizarte Segurantzan alta ez ematea arrisku-egoeran zegoen lan-poltsan hautatutako emakume haurdun bati. ELAko zerbitzu juridikoetako abokatua dugun Cristina Ortiz de Guinearen iritzian, oso positiboa da epaia, administrazioetako lan-poltsetan dauden milaka emakumeri eragiten baitie.

Zer gertatu da?

Osakidetzatik deitu zioten I.G.O.ri, 2013an, eta Gasteizko Santiago Ospitalean lan egiteko aldi baterako kontratua eskaini zioten. Haurdunaldia oso aurreratua zuen ordurako; hori zela-eta, bistakoa zen ezin zuela egin eskaini zioten erizain-lana, ez eta bere kategoria profesionalari zegokion beste inongo lanik ere. Ez zen lehenbiziko aldia haurdun zegoela lanerako deitzen ziotena, baina une hartan ezin zion ekin bere jarduera profesionalari.

Kontratua egin zioten I.G.O.ri, baina haurdunaldia zela-eta, ez zuen egun bat bera ere lan egin. Lan Ikuskaritzak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak lege-irizurtzat jo zuten alta, eta kontratua eten egin zioten langileari, bai eta amatasun-prestazioa kendu ere. Kontratua ez zela baliozkoa, zioten, ez baitzuen minutu bat ere lan egin.

Egoera hori ikusirik, zer egin zuen ELAk?

ELAko afiliatua da langilea, eta sindikatura etorri zen aholku eske. Kasua aztertu, eta auzitara jotzea erabaki genuen. Salaketa aurkeztu, eta arrazoia eman ziguten Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak eta EAEko Justizia Auzitegi Gorenak. Baina errekurtsoa jarri zioten epaiari, eta Auzitegi Gorenaren esku geratu zen kasua. Interes orokorrekotzat jo zuen kasua Gorenak, Estatuko arauen interpretazio bat zela eta.

Otsailaren 26an, epaia. Hona zer dioen.

Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia, zeinak hau baitio, hitzez hitz: “…jotzea haurdunaldia dela-eta arrisku-egoeran dagoen emakume haurdun batek ez duela gaitasunik eta ahalmenik kontratatua izateko, horretarako lan-jarduerak hasita egon behar omen duelako, emakume haurdunei lan-poltsa batean egoteko erabateko eskubidea ukatzea da…; beraz, diskriminazioa egon da sexua dela-eta, murriztu egiten baititu haurdunaren lanerako aukerak, eta egoera okerragoan uzten ditu emakumeak amatasunari, oro har, eta haurdunaldiari, bereziki, dagozkion arriskuak direla medio”.

Oso berri ona da, beste urrats bat emakumeen lan-eskubideak aitortzeko bidean. Garbi dago erabaki diskriminatzailea dela administrazio publiko batek emakume bat ez kontratatzea haurdun egonik minutu batez ere ezin duelako lan egin lan-poltsatik hautatu duten postu horretan.

Zer deritzozu epaiari?

Guztiz positiboa deritzot. Gainera, kontuan izan behar dugu epaiaren ondorioek Osakidetzaren eremutik harago garamatzatela, administrazio publiko guztiek —handiak zein txikiak— aldi baterako kontratazio-poltsak erabiltzen baitituzte. Eta umeak izateko emakume askok eta askok dute izena emana poltsa horietan.

Lezako Ospitalean gertatutako antzeko kasu baten epaiaren zain gaude orain. Aldekoa baldin bada epaia, gauza bera dioen bigarrena izango da eta, horrenbestez, jurisprudentzia ezarriko luke. Ea laster berri onak emateko moduan garen berriz ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.