2018-01-15 09:47

 

Eta hori da ELAk edozein akordio sinatzerakoan, ala sinatzen ez duenean, neurtzen duen bakarra, akordio horrek ordezkatzen ditugun langileentzat benetan hobekuntza suposatzen duen ala ez.

Akordio horri beste dimentsiorik eman nahi izan dionik bada. Guk argi genuen sinadura horrek ez zuela negoziazio kolektiboan sakoneko aldaketarik ekarriko. CONFEBASKek akordio hori sinatzeko arrazoi nagusi bat zuen, bere zilegitasuna kolokan jartzen zeuden beste patronal batzuk azaltzen ari ziren eta horrelako akordio batek sindikatuon aldetik zilegitasun hori jasotzea zekarren. Horregatik kendu zuen ordura arte ELAri inposatu nahi zion bake sozial klausula.

Edonola, Lanbidearteko Akordioa sinatu ondoren EAEko langileak egoera hobean daude Estatutik, CCOO, UGT eta CONFEBASK afiliaturik dagoen CEOEk sinatutako lan-hitzarmen prekarioetatik askatzeko. Zentzu horretan, ez da harritzekoa CCOO eta UGT sindikatuen jarrera, Lanbidearteko Akordioaren balioa zalantzan jarri dute. Lanbidearteko Akordioa sinatu baino egun gutxi batzuk lehenago, eduki eta zentzu berarekin ELA eta LABek beste akordio bat sinatu genuen Ostalaritza alorrean, eta CCOO eta UGTk inpugnatu egin dute, Kolektibitate alorrean langile berrientzat soldata erdia jasotzea suposa dezakeen arren. Horrek zuzenean erasotzen du Lanbidearteko Akordioaren muina, hemengo akordioek lehentasuna izatea, hain zuen, eta Lanbidearteko Akordioaren balio juridikoa ere ez-baian dago. Auzitegi Gorenean jasoko dugu erantzuna.

Urtebete ondoren negoziazio kolektiboaren egoera ez da gehiegi aldatu. CONFEBASKek Lanbidearteko Akordioa sinatu zuen bai, baina ez zion uko egin nahi izan Lan Erreformek langileen lan-baldintzak okertzeko emandako botereari eta lehiakortasuna zein dirua irabazteko lan-baldintzen debaluazioak jarraitzen du izaten bere apustu estrategikoa. Gu horretarako ez gaituzte izango.

Negoziazio Kolektiboaren desblokeorako momentu honetan guk ez dugu patronalarengan inongo federik, gure fede guztia langileen antolakuntzan sindikatuok eman ditzakegun urratsetan dago. Sindikatuok prest egon behar dugu sektore zein enpresetan langileak antolatu eta grebak martxan jartzeko.

Krisiaren eragin eta aitzakiaz sortutako lan-prekarioa jasaten duten langile askoren pazientzia agortzen ari dela ikusten ari gara. Orain oso gutxi Euskalduna Jauregian Eulen enpresarentzat lanean ari diren langileekin ikusi bezala, lan-baldintzen hobekuntzak arrazoi nagusi bat du, greba, eta greba hori antolatu eta sostengatzeko sindikatua. Bizkaiko zahar- egoitzetako gure militante batek argi zihoen, “ELAren erresistentzia kutxak aukera eman dit pribatizaturik eta lan-baldintza okerrekin nahi nauen politikariari begietara 370 greba egunez duintasunez begiratzeko”. Duintasun horretan bakarrik aldatuko da benetako negoziazio kolektiboaren egoera, beste inongo mahaitan ez da ezer aldatuko.





 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.