2020-03-10 18:14
Eusko Jaurlaritzaren Lan sailak gutxieneko zerbitzuen inguruan eman duen aginduak praktikan ukatu egiten die greba eskubidea Hezkuntzak azpikontratatutako lnagileei. Langileon baldintzak arautzen dituen lan hitzarmena 2014an iraungi zen, hots, bost urte luze igaro dira, eta garai honetan enpresek negoziazioa etengabe blokeatu dute; bitartean, Hezkuntza sailak ezikusiarena egin du. Honen ondorioz zerbitzu horiek ematen dituzten langileek hainbat greba egin dute negoziazioaren bost urteotan; duela gutxi bost asteko greba deitu zuten.

Gatazkaren ardura nagusia Hezkuntza sailari dagokio, zerbitzu publikoa etekinak lortzeko asmoz diharduen esku pribatuarengan utzi baitu kudeaketa; zerbitzua emateko erabaki duen aurrekontuarekin bigarren hezkuntzako institutuetan eta unibertsitateetan lan egiten dutenen baldintzak mugatu egin ditu. Kolektibo honen aldarrikapen nagusia da lan hitzarmena bera bete dadila, hau da, azpikontratetan diharduten langileek dituzten baldintzak parekatzea Hezkuntza sailak zuzenean kontratatu eta eginkizun berdinak dituzten beharginekin:

  1. Soldata parekatzea: Bi kolektiboen arteko aldea %13koa da, hitzarmena berritu gabe bost urte igaro direlarik.
  2. Lan kargak: Hezkuntzako langileek gehienez 1.240 metro koadro garbitzen dituzte, eta azpikontratatuek, berriz, 2.800.

Sektore honetako langile gehienak emakumeak dira, eta lanaldi oso laburrak ezartzen dizkiete. Langileen %40ak lanaldi partzialeko kontratua dute, eta honek, bide batez, ordainsari oso urriak dakartza.

Horregatik, prekaritate egoera larria dela eta, martxoaren 2an aipatutako zentroetan 5 asteko greba bati ekin zieten langileek. Gaur Lan Sailak erabaki du langile hauen greba eskubidea, oinarrizko eskubidea, urratzea, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituen agindua eman baitu; ondorioz, greba de facto eraginik gabe utziko du. Erabakia hartzeko eman duen argudioa, osasun publikoaren inguruko irizpideak; koronabirus epidemia dela eta arrisku egoeran omen gaude.

Jaurlaritzako Lan eta Hezkuntza sailak salatu behar ditugu hartu duten erabakiagatik. Oso ohikoa da Lan Sailak kolektibo feminizatuen greba eskubidea sistemaz urratzea, zehazki garbitasun langileena, baina oraingoan egoera azkoz ere larriagoa da: Lan sailak besterik gabe oinarrizko eskubide bat indargabetu du. Sindikatuak salatu du gutxieneko zerbitzu horiek ezartzerakoan aintzat hartu dena osasunarentzako arriskua bada, Lan saila garbitzaileak arriskuan jartzen ari dela. ELAk exijitu dio Hezkuntza sailari, zeina aipatutako ikastetxe eta lan zentroen titularra den, itxi ditzala, osasuna arriskuan badago.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.