2018-04-20 11:51

EAEko laneko ezbeharren kopuruei buruzko estatistika ofizialei dagokienez, baja eragin zuten 35.256 laneko ezbehar egon ziren iaz, hots, aurreko urteko epe berean baino % 5,74 gehiago, Osalanen 2017ko abenduan erregistratutako datuen arabera. Bestalde, bajarik eragin ez zuten beste 48.634 istripu ere gehitu behar zaizkio kopuru horri; beraz, guztira 83.890 laneko ezbehar egon ziren iaz. Termino absolutuetan, % 1,32 egin zuen behera ezbehar-portzentajeak, jaitsi egin baitzen bajarik eragin ez zuten istripuen zenbatekoak, batez ere Araban (-2.103).

Sektoreka, industria da ezbehar traumatiko gehien izaten duena (% 42,6). Atzetik datoz zerbitzuak (% 33) eta eraikuntza (% 11).

ELAren datuen arabera, 2017an 54 langile hil ziren Hego Euskal Herrian lan-ezbeharrez, 41 EAEn eta 13 Nafarroan. 2014an eta 2015ean istripu hilgarrien kopuruak izandako igoera handiaren ostean, hurrengo bi urteetan apur bat baretu zen joera (53 eta 54 hildako, hurrenez hurren).

Istripu traumatiko hilgarrien portzentaje handiak adierazten duenez, sektore guztietan dira eskasak laneko segurtasunaren baldintzak, eta bereziki kezkagarria da kolpe, harrapaketa eta altuerako erorikoak direla-eta izandako hildako-kopurua. Gora egin du hildakoen kopuruak eraikuntzan, lehen sektorean eta autonomoen artean.

Osalanek berak emandako datuen arabera lan-istripuak jasaten dituzten langileen erdiek beren kontratuen lehen bi hilabeteetan pairatzen dituzte, eta kontratuen erdiak hilabete ere ez dute irauten.

Egoera hauei aurre egiteko ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari 10 neurri zehatz eskatzen dizkie. Besteak beste, Europako batez besteko lan-ikuskari kopurua izatea exijitzen dugu; ondorioz, egungo ikuskari kopurua bikoiztu beharko litzateke. 10 neurri hauen logika argia da, prebentzio neurriei garrantzirik ematen ez dieten enpresariak deseroso egotea. Neurriak zehatzak eta egingarriak dira; orain borondate politikoa neurtu beharko dugu.

Apirilaren 26an Iruñean eta apirilaren 27an Bilbon ekitaldi bana egingo du ELAk, bi mezu argiren inguruan: “Lanean bizitzarako eskubidearen alde” eta “Prekaritatearen aurrean, eutsi ta tira!”.

Irakurri txostena

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.