2019-02-04 16:57
ELAk, aurten Gipuzkoan heriotza eragin duen lehen lan-istripuaren berri izan du. Itari taldeko Begiralia enpresako 43 urteko langilea zendu da, harrapatuta, Construcciones Metálicas ULA enpresan lanean ari zela. Lehenik eta behin, azken heriotz honen aurreko atsekabea agertu nahi du ELAk, hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei bere elkartasun eta babes osoa adierazten dizkion era berean.

ELAk berriro dio laneko ezbeharren arrazoi nagusia lan baldintza eskasak direla, lan-erreformak baliatuz patronalak ezarria, eta aldi-baterakotasun, azpikontratazio eta gehiegizko lan-erritmoen hedatzea nahiz laneko segurtasun eta osasunean enpresen desinbertsioa eta betegabetzeak dakartzana, hain zuzen. Horregatik, Osalan eta Lan-Ikuskaritzak gertatutakoaren berehalako ikerketa egiten dezaten eskatzen du ELAk, azken istripu honen jatorriak argitu eta egon litezkeen ardurak argitze aldera.

Egoeraren larritasunaren aurrean, laneko heriotzak ekiditeko bidean Lan Osasun politikak aldatzeko erakunde publikoen borondate falta salatu nahi du ELAk. Halaber, patronalarekiko adostasuna salatu, enpresak behartzeko neurriak ezartzeko baliabideak berehala handitzea, eta arlo honetako elkar-hartze politikekin behin betiko apurtzea eskatzen du.

Azkenik, ELAk enpresa eta lantokietan antolatzera deitzen du euskal langileria, ekintza sindikala eta mobilizazio soziala indartu, eta 2018an Euskal Herrian 65 pertsona baino gehiagoren heriotza eragin zuen gaitz hau behin betiko desagertarazteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.