2018-08-13 21:07
Asteburu honetan bi behargin hil egin dira berriz ere lan istripuen ondorioz. Lehena Bianan hil zen eta bigarrena Hondarribiko portuan, biak erorketen ondorioz. Hauekin jadanik 35 dira aurten Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak.

Berriz ere lan istripuen ondorioz hildako langileen egoera salatu behar dugu, jadanik 35 dira aurten Hego Euskal Herrian lan istripuetan hildako langileak. Biak erorketen ondorioz hil dira, bata Bianako Papelera del Ebro enpresako teilatutik, bestea Hondarribiko portuko kaitik behera erorita.

Aurten ELAk espreski eskatu du erorketak pairatzeko arriskua duten lanpostuen ikuskaritza lana hobetzea, lan horietarako protokoloak gogortzea eta administrazioek lan hori burutzeko medioak jartzea. Zoritxarrez erorketen ondoriozko hildako kopurua oso altua izan da azken urteetan eta honek erakusten du ez direla istripu hutsak, lan horiek burutzeko baliabideak eta segurtasun neurriak berrikustea ezinbestekoa da.

ELAren ustez lan-baldintzak duinak eta lanak segurtasunez burutzeko baliabideak izatea lanean aritzeko ezinbesteko baldintzak izan behar dira. Lana bukatutakoan etxera bizirik eta onik bueltatzea edozein langileren gutxieneko eskubidea da, eta ezin dugu onartu prekarietatearen edo baliabide faltaren ondorioz bizitzarik galtzea, diru-irabaziak ezin dira egon bizitzaren gainetik.

Azken bi hauekin abuztuan 7 hildako izan ditugu. Onartezina den egoera da eta administrazioei exijitu behar diegu baliabideak jarri ditzatela langileen bizitzak bermatu ditzaten.

Azkenik, ELAk hildako pertsonen sendiei bere dolumina helarazi nahi die.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.