2019-01-10 15:42
2019ko lehenengo lan istripu hilgarria izan da. ELAk Etxebarriko Arcelor Mittal enpresako behargin baten lan istripu hilgarria salatu behar du. ELAko afiliatua zen eta 54 urte zituen behargina lan istripu ez-traumatiko baten ondorioz zendu da. Hildakoak ondoeza sentitu zuen eta enpresako medikuek ospitalera bideratu zuten.

Lehenik eta behin, hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei babesa eta elkartasuna adierazi nahi die ELAk, baita enpresako langileria osoari ere.

Hasi berri dugun 2019.urte honetako lehen istripu hilgarria da hau. Aurreko urteetan ikusi dugun bezala, lan istripu ez traumatikoek gorakada itzela izan dute azken urteotan prekarietate eta lan baldintzen okertzearen ondorioz. Administrazioek eta prebentzioan aritzen diren instituzioek ere datu larri hauen atzean zer dagoen ikertu beharko lukete neurri egokiak jartze aldera, neurri horiek patronalen interesen kontrakoak badira ere.

Ez dugu nahi aurten ere, iaz bezala, beste 67 langilek bere lanpostuetan bizitza galtzea. Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk Euskal Herriko langileria eta gizarte guztia deitzen du antolatzera eta mobilizatzera, bai enpresetan, baita kalean ere, lan ezbeharrak eta lan gaixotasunak desagerraraziko dituen lan baldintza duinak lortzeko helburuarekin, eta etxera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzeko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.