2020-01-22 17:40
ELAk jakin duenez, lan-istripu hilgarria gertatu da Olaberrian, Gipuzkoan. Transportes Santillan enpresako langile zen baina ArcelorMittal enpresan lanean ari zen kamioi gidari bat hil da, bere kamioiarekin lanean ari zela harrapaturik geratzean. Heriotza berri honekin, dagoeneko 7 dira 2020an Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak. Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, langileek jasaten duten prekarietate latza salatu nahi du ELAk: lan erritmo jasanezinak, jardunaldi amaigabeak, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudia betetzeari muzin egitea.

Prekaritate honen adierazle dira multinazional handientzat lanean dabiltzan langile azpikontratatuek, eta bereziki, garraiolariek pairatzen dituzten lan-baldintzak. ELAk argi dauka ArcelorMittal enpresak mozkin ekonomikoak gailentzen dituela beste edozeren gainetik eta horren isla garbia direla gaurkoa bezalako lan-istripu hilgarriak.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legedia betetzen ez den kasuetan kontrol eta jarraipen neurriak berehala ezartzea exijitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari. Ildo beretik, lantokietan antolatzeko deia egin du, “urtean 50etik gora lagunen heriotza eragiten duen bidegabekeria honen aurka borrokatzeko”, hain zuzen ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.