2018-09-14 09:41
ELAk egindako salaketaren ondoren, Lan Ikuskaritzak debekatu egin die Mungiako MESA lantegian behin-behineko kontratua duten langileei produktu kartzinogenoen manipulazioa. ELAk gogoratu du sarritan kontratazioaren behin-behinekotasunarekin batera prebentzioko neurririk oinarrizkoenen eza doazela.

Mungiako MESA enpresa Schneider Electric talde frantsesari dagokio, eta arlo askotariko (industria, energia...) goi- eta erdi-tentsioko ekipo elektrikoak diseinatzen eta ekoizten aritzen da. Gaur egun enpresak 300 langiletik gora dauzka; eta zenbait urtetatik hona ELAren Atal Sindikalak lan-arriskuen prebentzioaren arloan jardun du, zenbaitetan enpresak batere laguntzarik eskaini gabe.

Alde horretatik, eta zuzendu beharreko egoerak oraindik zuzendu gabe badaude ere, Lan Ikuskaritzaren arestiko txostena jaso dugu, eta horren bidez eskatzen zaio MESAri ABLE/ETTko langileak ez erabiltzeko, arrisku bereziak dituzten postuetan, hala aginduta baitago ekainaren 1eko 14/1994 Legean, aldi baterako laneko enpresak arautzen dituen legean. ELAk jarritako salaketaren ondorioz Ikuskaritzak egiaztatu du pertsonal hori soldaduran, erretxina-injekzioan eta pinturan ari izan dela, non kutsagarri kimikoekiko esposizioa ezaguna den. Hori dela-eta, Ikuskaritzak administrazioko arau-hauste oso larria ezarri dio enpresari, eta agente kartzinogenoekiko esposizioa duten lanpostuetarako langileak lagatzeko kontratuak (ABLE/ETT) egitea debekatu dio. Enpresak, bere aldetik, jakinarazi dio ELA-Mesa Atal Sindikalari helegitea jartzeko asmoa duela, Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren aurka.

Azpimarratu behar dugu MESAn, enpresa gehienetan bezala, lan-osasunaren arloko gabeziak hertsiki loturik daudela prekarietatearekin, behin-behinekotasunarekin eta azpikontratazioarekin. ELA sindikatuaren aldetik gure zorionak ematen dizkiegu MESAko langileei, lan-osasunaren arloan hain gogotik borrokatzeagatik. Enpresak jarri dituen eragozpenak eta guzti, lan- eta segurtasun-baldintzak hobetu ahal izan dira. Gorago aipaturiko ABLE/ETT kasuetatik aparte, negoziazio gehiago egin dira enpresarekin, eta haien ondorioz legean ezarritakoa betearaztea lortu dugu: armairu bikoitzak jarri, lan-orduetan garbiketa pertsonalerako hamar minutu eman, eta beste hainbat hobekuntza, enpresak nahitaez onartu behar izan dituenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.