2019-12-03 10:24
ELAren salaketaren aurrean, Lan Ikuskaritzak ETBko beste 10 langileri erregularizatu die kontratua, eta falta larriagatik 6.500 euroko zigor ekonomikoa ezarri dio EITBri

EITBko Zuzendaritzak, bere enplegu-politika erregularizatu eta egiturazko beharrak langile finkoekin bete beharrean, legea sistematikoki zapuztea eta aldi baterako kontratuak dituzten langileekin egiturazko beharrak betetzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Iruzurrezko kontratazioaren aldeko apustu hau ez da berria, sistematikoa da eta denboran zehar mantentzen da. Horren erakusgarri dira lan-arloko epaitegien kondena-epaiak eta herrialde desberdinetako lan-ikuskaritzatik jasotako arau-hausteen akta ugari.

Kasu berri honetan, ELAk hamar langile aldi baterako kontratuekin lanpostuak edo egiturazko beharrak betetzen ari zirela salatu zuen Bizkaiko Lan Ikuskaritzan. Lan Ikuskaritzaren ebazpenak aitortzen du EITBko zuzendaritzak langile horiek lege-iruzurrean erabili dituela, eta lan-harremana erregularizatzera kondenatzen du. Horretaz gain falta larria ezartzen dio EITBko zuzendaritzari, eta 6.500 euroko zigor ekonomikoa.

ELAk EITBko zuzendaritzari eskatzen dio amaiera eman diezaiola, behingoz, prekarietate-politikei, eta arautu dezala bere zerbitzuak ematen dituzten langileen lan-egoera, bai lege-iruzurrean, bai aldi baterako kontratazioko egoeran. EITBren errealitatea ez da gertaera isolatu bat, Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalen ondorioa baizik. ELAren ustez beharrezkoa da enplegu publikoaren eredu berri bat behingoz, eta berehala, Administrazioko salbuespen- eta prekarietate-egoera konponduko duena eta gizarteari kalitatezko zerbitzua ematearen aldeko apustua egingo duena.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.